ABENDURAREN 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 75 urte bete zituen, 1948koa da. Hedabideek gogorarazi digute, eta kontzertuek, eta programa bereziek irrati-telebistetan, eta batzuen eta besteen hitz ederrek, eta, bai, beharrezkoa da hori guztia, giza eskubideek ez baitute osasun onik munduaren egoerari une batez begira jartzen baldin bagara.

Niri 75 urte, Historia osoa kontuan hartzen baldin bada, oso gutxi iruditzen zait, gaur goizeko kontu bat. Alde horretatik, uler daiteke giza eskubideek garatzeko duten zailtasuna: azken finean atzo goizeko kontua da esklabotza eta atzo arratsaldekoa kontsideratzea Ameriketako jendeak ez zuela arimarik, edo afrikarrak animalietatik gertuago zeudela gizakiengandik baino. Hori dela eta, baikor jarrita, azken 75 urte horietan egindakoa lorpena da, tira, lorpentxoa, ez baitut uste inork zalantzan jar dezakeenik orain “gizon-emakume guztiak aske jaiotzen direla, eta duintasun eta eskubide berberak dituztela”. Ala bai? Jakina, gauza bat da eskubideak aldarrikatzea eta beste bat eskubide horiek guztiak gauzatzea. Gauzatzea, zeren eskubideak elkarri estu lotuta baitaude, eta, adibidez, bizitzeko leku duina ez duenari ezin zaio esan adierazpen-askatasunik duenik. Nazio Batuek diote, baina Nazio Batuek diotena... Zertarako luzatu.

Bestalde, 75 urte asko iruditzen zait, aurreko lorpentxo hori hutsaren hurrengoa, gustu txarreko txantxa bat. 75 urte eta gero ez da egunik igarotzen gizakien eta giza eskubideen kontrako izugarrikeriarik gabe: hor dago Gazakoa. Askorentzat giza eskubideen zera hori guztia zaharrunoa izango da beharbada, beste garai bateko amets inozoa, beste mundu bateko erruak garbitzeko ariketa, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo onezko damua, gaur egungo garai posthumanoetan zentzu handirik ez daukana. 75 urte? 75 urteko zaharrak sakelakoan bus txartela erosteko ere ez da gai. Agian Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala beti izan da hori, utopia polit bat, baina orain, 75 urteren ondoren, inoiz baino arrisku handiagoan dago.

Irakur ezazue, mesedez. Negargura ematen du, ezta? l