Vigon jazotzen ari da. Berrogeita hamarretaz urteko andrezko batek bere buruari eutanasia egitea erabaki zuen orain urte batzuk. Izan ere, hiru hamarkadatan ELA madarikatuaren mendean egon eta gero, ezin dio pairamenari eutsi, eta eutanasia egin diezaiotela eskatu du. Haren zaintzailea ama da. Bada, osasun-langileak andrezkoari eutanasia egitera joan direnean, amak ez die atea zabaldu, berak ez duelako nahi alabari eutanasiarik egin diezaioten.

Lege-arazoak alde batera lagata, horrelakoetan beti azaldu zait zalantza bera: zer dugu amaren ikuspegitik? Maitasun mugaezina, haren alabaren nahiaren gainetik hegaldatzen dena? Ala norberekeriarik gordinena, maitasunaren izenean nork bere gogoa betetzeko behar duen guztia egingo duena? Lazkao Txikik esango lukeen legez, itauna ez da gaitza, erantzuna da gaitza.

Betiere, badago beste ikuspegi bat: amak alabaren gaixotasuna bere bizitzako helburu bihurtu du; alabagatik bizi da; alaba du eguneango jomuga; halandaze, alaba “kentzen” badiote, zer jazoko zaio haren bizitzari? Ez ote da jarrera hori amak bizirik irauteko duen (edo berari otu zaion) konponbide bakarra? Ez dakit, baina pertsona bat maite baduzu, eta hark, inori kalterik egin barik, edozein erabaki hartzen badu, erabaki hori errespetatu behar da, baldin eta delako hori gaigabetuta ez badago. Eta eutanasia eskatu duenak gaitasun osoa du bere buruaz ebazteko.

Nik pertsona bat maite badut, sufrimendu itzelak pairatzen ari bada, ni ez naiz inor hark bere bizia duintasunez amaitzeko hartu duen erabakia galarazteko. Hura maite dudalako, haren sufrimendua jasanarazi behar diot? Zelako maitasuna da hori? Hura maite dut ala neure buruarentzat zeregina bilatzen nabil nire izateari zentzua topatzeko? Gaur egun, zoritxarrez, horrelako kontu moralen gainean ezer gutxi pentsatu eta idazten da. Izenburuaren bila goaz, inoren arretaren bila gabiltza, geure buruaren asea bilatzen ari gara. Gizakia gizagabetu egin da. Nor bera da: norbera.