LIBURUAK plazan erretzea beti iruditu zait susmagarria. Liburuak maite ditut, noski, baina agian nire zera hori datorkit Fahrenheit 451 filma, François Truffaut-ek 1966an egin zuena, artean ume nintzela ikusi nuelako. Gogoan betiko geratu zitzaizkidan xehetasun asko eta izenburuaren azalpena: Fahrenheit 451, liburuen papera kiskaltzen den tenperatura. Geroago Ray Bradbury-ren eleberria, filmaren jatorria, irakurri nuen, baina ez dut 2018an filmatu duten bigarren bertsioa oraindik ikusi.

Hori guztia buruan dudala, irakurri dut Suedian, eta baita Danimarkan ere, Korana erretzen dabiltzala batzuk, eskuin muturrekoak eta ospetsu egin den errefuxiatu irakiar bat (kristaua, antza; eskuin muturrekoa, antza). Herrialde musulmanak sutan daude, Irak batez ere, eta oraintxe bertan Turkiak adierazi du ez dagoela prest Suedia NATOn onartzeko gauza sakratuen erreketak dauden bitartean, eta gobernua suediarrak kaleak kontrolatu behar dituela. Suediako auzitegi batek baimendu zituen adierazpen askatasunaren izenean gobernuak, segurtasunaren izenean, debekatutako protesta ekintza batzuk, non Korana erre behar baitzuten. Ez ahaztu Turkiaren eta Suediaren artean, gainera, kurduen kontua ere dagoela. Eta NATOn, Ukrainako gerra.

Korana erretzea probokazio ekintza dirudi, eta ez protesta ekintza. Erlijioak, bestalde, minberegiak dira haien gauza sakratuekin (sakratuak haientzat, jakina); Espainiako Erresuman badago edozein txikikeria, erlijio kristauaren kontrako iraina dela iritzita, auzitegietara eramaten duen Abogados cristianos izeneko talde bat. Adierazpen askatasunari buruzko eztabaida betikoa hor dago, eta zer esan “kaleak kontrolatu” horretaz. Adierazpen askatasuna eta kaleak kontrolatzea liburuak erretzea bezain susmagarria da niretzat.

Ez dakit, beharbada jendeak etxean, eta ez plazan, erre behar ditu gustatzen ez zaizkion liburuak, edo edukiontzi urdinetara bota kutsadura ez handitzeagatik. Fahrenheit 451 filmean erresistentziakoek buruz ikasten dituzte liburuak, munduan jende askok daki Korana buruz. l