Tortilla tipularekin edo tipula gabe jan nahi izateak bezala banatzen gaitu eskupekoa ematearen edo ez ematearen aldeko jarrerak. Azken hau kulturala dela esaten da. Kultura batzuetan oso ondo ikusia delako eskupekoa ematea eta beste batzuetan, ordea, oso gaizki. Egia da, dirua (edo faborea) jasotzea, printzipioz, baikorra dela eta behar duenak laguntza gisa jaso dezan eman ohi dela. Baina eskupekoa hartzen duten guztiek ez dute emailearen zentzu berarekin hartzen, eta emaile guztiek ere ez dute eskupekoa modu inozentean ematen. Eskupekoa bada, berez, nagusitasuna adierazteko (edo mendekotasuna azpimarratzeko) modu historiko bat.
Halaxe irakurria izan liteke baita ere, JxC eta ERCren bultzadaz euskararen ofizialtasuna Europan eta euskararen erabilera Espainiako parlamentuan negoziatzeko ireki zaigun atea. Aurrerapauso sinbolikotzat jo dute askok. Euskarari behar duen aitortza eta prestigioa emango dioten urrats gisa. Beste askok, ordea, berandu datorren aitortzatzat jo dute. Gogo gabe ematen den eskupekoa bailitzan. Poltsikoan ondo gordeta izaten den hori, momentua heltzean, delako negoziaketan handiki gisa gelditzen lagunduko diona emaileari.
Eskupekoa, ematen duenarentzat, mahai zapian gelditu den ogi papurra da. Janaria da bai, batzuentzako. Baina emailearentzat, ezdeusa. Eta ogi papurra behar duenak poztu egin behar du emailearen eskuzabaltasun erlatiboarekin, txintik esan gabe onartu emailearen azpiratze morala (eta politikoa?).
Poztu egingo gara, bai, Europan euskara ofizial bilakatzen bada. Poztu egingo gara, baita ere, Madrilgo pulpitoan euskaraz hitz egiteko aukera zabalduko bada. Baina eskupekoa jasotzen jarraitzen dugun sentsazioa ezin izango dugu gure baitatik erausi.
Juan Jose Gonzalez de Txabarrik Radio Euskadin esandakoarekin gelditzen naiz: benetako lorpena, euskara Europan ofizial bilakatzea edo Parlamentuan sartzea bainoago, benetan, herritarren erabileran gora egitea litzateke. Beste hitz hauetan ere labur liteke hark esandakoa: lorpena litzateke eskupekoen zain egon beharrik ez izatea. l