Ba ote dio inori euskal gizartean egundaino iraun duten balioek apurka-apurka eta igartzeke atzera egiteak? Ba ote dio inori euskal gizarteak baleen moduan bere burua hiltzen jarduteak? Ba ote dio inori?

Izan ere, berba, beharra, auzolana, elkartasuna izan dira, besteak beste, euskaldunon ezaugarririk behinenak. Ezaugarrioi esker herri gisa iraun dugu, unerik latzenetan eta ilunenetan batez ere. Oraingoan, berriz, bizimodurik errazena dugula, inoiz baino baliabide teknologiko aurreratuagoak ditugula, herri gisa ilauntzen ari gara. Ba ote dio inori?

Gure herria goseak airean zebilela, nork bere apurretik ematen zion hurkoari aurrera egin ahal zezan. Demokraziarik ez zegoela, babesleku bila ziharduenak bazuen nork aterpea eman, nahiz eta babes-emaileak jakin ondorio txarrak etor zekizkiokeela. Aurretik ipintzen zuen inoren beharra eta bere segurtasuna atzeratu. Ba ote dio inori?

Gure aurrekoek, baliabide materialetan urri zeuden bitartean, beharra itotzeraino egiten zuten egunean-egunean; ez zuten oporrik hartzen urtean, egun batean busez joateko moduko egun bateko txangoko herri edo hiri batera joateko ez bazen, baina ez zuten oporren osteko estresik jasaten, ez zuten aitzakiarik jartzen beharrera ez joateko.

Gaur egun, ostera, sekula baino opor-egun eta lan-eskubide gehiago dugula, muzin egiten diogu irteteko ordua jo eta gero gelditzeari, beharra behar bezala amaitzeko. Ba ote dio inori?

Gure aurrekoak ez ziren beldur familia bat eratzeko, haien egoera ekonomikoa urria izanagatik, baina maitasuna eurrez zuten euren bihotzetan eta horixe eman ziguten euren seme-alaboi. Ez ote gara aurreko euskalduntasunari eusteko gai izango geure buruari diogun maitakeriak geure burua inorentzat sakrifikatzea galarazten digulako? Ba ote dio inori?

Eta baleak legez, bagoaz geure burua urkatzera hondartzara, balekumerik ez dugulako sortzen geure geroa bermatzeko. Hondartzan lo egingo dugulakoan, geure burua urkatzera goaz herri legez. Ba ote dio inori?