LASTER, munduan zehar sortuko diren suteak ezin izango ditugu itzali. Hori horrela dela onartzen jakin beharko dugu. Adibidez, orain Kanadan gertatzen ari denarekin ikusten da. Sute hori ezin izango da itzali. Hilabeteak iraungo du. Neguak bakarrik amatatuko ditu sute horiek”.
Aurreko esaldi hori muturreko suteetan aditua den Alba Marquez Torres ikerlariarena da, eta entzun bezain laster zur eta lur lotu nintzen. Hilabeteak eta hilabeteak mendiak, basoak, zuhaitzak, landareak kiskaltzen? Animaliak? Eta bertako faunaren laborria? Ezin dut tamainako hondamendia imajinatu.
Gaur egungo larrialdi klimatikoarengatik sorturiko lehorteari eta tenperatura bortitzei, biodibertsitatean egin dugun triskantza gehitu behar zaie. Animalia herbiboroak desagertu dira basoetatik, eta baso horietako gestio falta nabaria egon da.
Europa, Asia eta Ipar Amerikako hainbat aldeetan erregistratu diren tenperaturak ez dira batere ohikoak, eta balizko marra gorria gaindu egin dute modu larrian. Andaluzian berrogei gradutik gorako zifrak izatea normaltzat hartzen dugu jada, baina Asia aldean gero eta sarriagotan neurtzen dira 50tik gorakoak, eta horrek beldurra ematen du.
Ipar hemisferio osoan sugartu diren suteak egundokoak dira, eta are izugarriagoak dira Kanadan ikusten ditugunak. Bertako baso sarrietan suzko munstroak altxatzen dira zerurantz, leherketa gori handiak balira bezala, eta aurretik duten guztia erraustu egiten dute inolako urrikalpenik gabe. Irakurri dudanez, bertan 900 foku aktibo omen dira. Nola itzaliko dira sute horiek? Ezinezkoa da. Neguko giro hotza, euria, edo elurra izango ote dira gai gar horiek guztiak itotzeko?
Europa aldean ere berdin gertatzen da. Kontinente zaharra populatuago dago, eta horrelako egoeretako dramak nonahi topatzen ditugu. Herritarrek etxeak eta bertan dauzkaten ondasunak galtzen dituzte infernuko sugarretan, eta asko ebakuatu behar izaten dira.
Neurri bateratuak egon ezean, mundua erretzen arituko gara, eta guk, inozook, gasolinarekin amatu nahi izango dugu.