Hitz zatarrez idatzi nuen iragan igandean. Ederrez ere osatuta dago gure hizkuntza. Zenbait ekimen izan dira ederrenaren bila. bai&by Fundazioak egin zuen zerrendatxo bat: pinpilinpauxa, maite, bihotz, goxo, ur, zirimiri, musu-truk, xuxurlatu... Partekatu atarian beste batzuk gehitu zituzten: laztan, ipurtargi, arnasa, kuttun, maitemindu, kai, ihintz, tripazorri, auskalo, txinparta, egunsenti... Eusko Ikaskuntzak ere egin zuen galdeketa bat: euskarak duen hitzik ederrena pinpilinpauxa dela ebatzi zuten parte-hartzaileek. 

Badira makina bat naturarekin lotuak ere: egurats, egutera, laiotz; erreka, errekasto, lats, xirripa, uhaitz; osin, leize, sakon, amildegi; babes, abaro, geriza; inguru, ingurumari, barano; goiztiri, arrastiri, ilun-muga, arrats; langar, bisuts, elur-busti; argi, ilun, ilunkara, nabar... 

Hitzez mintzo eta, haren sinonimoak eta eratorriak ere ez al dira aski eder? berba, berbaldi, ele, eleketa, solas, solasturi, hiztun... Dena den, ederrenaren xerka gabiltzalarik, ederrenak egiten digu irrist eskutik, ahotik, belarritik: eder. 

Hitzik ederrenak ere ez asko balio ideiak, sentipenak, pentsamenduak egoki josten eta azaltzen ez dakienaren ahotan edo lumatan. Lehengo astearte arratsaldean Zarauzko herriak Kultur Merezimenduaren Domina eman zion Anjel Lertxundi oriotar idazle aspaldi zarauztartuari. Hitzarena ez ezik, bizitzaren, bizikidetzaren, adiskidetzearen edergin izan da eta da Andu. Literaturan, zineman, telebistan, herrigintzan... aritu den alor orotan arrasto ezabaezina uzten ari den sortzailea, sorgina, edergina. Oraindik hain sasoiko eta eder-begi dagoelarik, nola ez hura ederretsi ederrez idatzi behar eta!.