Gure haurrak txikiak zirelarik maiz egiten genuen Frantseskua zubitik Astirako bidea. “Joango al gara masustabidera?”, galdetzen genien, eta poz-pozik joaten ziren poltsa bila. Izan ere, Errotaberri industriagunerako bidea berritu aitzin sasitza trinko bat zegoen Frantsesbidean. Han aritzen ginen masusta biltzen, sasi artean. Sasia. Gutxi izango ditu euskarak hain konnotazio txarreko hitzak; hala moduzkoei edo erdipurdikoei eransten diegu: sasimediku, sasijakintsu, sasijainko, sasimaisu... Erabilera are makurragorik ere eman izan diogu: sasikoa, sasikumea, ezkontzaz kanpo jaiotako umea, edo guraso jakinik gabea.

Miserikordia hitza latinetik dator, miseria eta bihotza ditu osagai. Miserablea da zaharren egoitzari miserikordia deitzea, baina hainbat gunetan hitz horixe erabiltzen da oraindik.

Ezkontidea hil eta berriz ezkondu gabeari deitzen diogu alargun/alarguntsa. Euskaltzaindiaren hiztegiak esaera anakroniko eta lotsa-emangarri bat du adibidetzat jarria: alargunaren semea baino bere urdea da hobeago. Banandutako senar-emazteei, aldiz, bizi-alargun deitzen zitzaien. Izenetik beretik hasten zen sakrilegio hori egitera ausartzen ziren arima herratuen kondena morala.

Subnormal hitza iraintzat erabiltzen da egun. Haurrak ginelarik bazen Azpeitian San Migel Patronatua izeneko eskola bat, adimen-urritasunen bat zutenen ikastegi. Guk beste era batera izendatzen genuen –goazen subnormalen frontoira!–, normalaz azpikoa geure hizkera zela asko ohartu gabe.

Hizkera-modu eta pentsakera horrekin hazi izan gara, hitz zatarrak ostia eta puta zirela esaten ziguten bitartean.