Zenbait gremio eta ezaugarritako langileak protestan edo greban hasten direlarik, haienganako atxikimendua eta enpatia sentitzen dugu, afera aski hurbiletik ezagutu gabe ere. Beste zenbait gremioetakoei gehiago kostatzen zaie beren aldarriak herritarrei ulergarri eta enpatizagarri sentiaraztea. Horretan begien bistako zailtasunak dituzte gehienen begietan pribilegiatu diren lan-esparruetako beharginek: funtzionarioek, esate baterako. Zailtasun hori biderkatu egiten da aldarrikapenak poliziengandik heldu direnean. 

Ez nau harritu Frantziako Tourraren hasiera bertan behera uzteko mehatxuak, gainerako gremioetako protestaldiek ere horrelatsuko egoerak baliatzen dituzte presiobide gisa. Talde bat burutzen ari den ekinbidearen izaera asindikala eta erabiltzen ari diren formak eta estrategiak nekezago ulertzen ditut. Herritarrekin konektatzea inorentzat erraza ez bada, pentsa zer nolako zailtasunak dituzten polizia taldeko kideek, batez ere komunikazio-estrategia hain traketsekin. Nolabaiteko funtsa izango dute ziurrenik haien aldarriek, baina kosta behar zaie herritarrekin konektatzea. 

Badut interesa afera horretan, eta zenbait informazio bildu ahal izan dut. Eskerrak gaztelaniaz badakidan, bestela ez nukeen tutik aurkituko. Euskal hiztunak erabat baztertu gaituzte, ez dira guretzat ari, antza; ez diet tankerarik ematen zein herrirentzat ari diren. Izena bera ere ez dute nire zutabe honen izenburuan jarri dudana, “Ertzainas en lucha” baizik.

Bernardo Atxagak esan zuen: “ez inoiz aintzakotzat hartu zutaz sekula ezer onik esango ez duenaren iritzia”. Ertzain horiek ez dute atxikimendurik espero aspaldiko hamarkadetan “zipaio” deitu dietenengandik. Ez naiz ni horien artekoa. Ertzaintzaren hainbat jokabidek tripako min galantak eragin arren, sentitzen dudan atxikimendua handiagoa da kontrakotasuna baino. Hori da, hain zuzen, ekinbide horren arazorik handiena, teorian aldeko direnak ere ez dituztela xarmatu. Inorekin hain zorrotz izateko norberak ez dauka hain kamuts izaterik.