Duela 30 bat urte Europa ekialdeko neska gazte bat Euskal Herrira etorri zen, Gipuzkoako itsaser-tzeko herri batera. Lan bila, etorkizun bila. Handik iritsi berritan, dena ezezagun zuen gizarte hartan, lehen erabakia hartu behar izan zuen: hizkuntza ikasi. Espainiakoa, jakina. Akademia batera jo zuen, baina han artatu zuen gizonak, ordurako Euskal Herrian hamabost bat urte zeramatzan poliglota estatubatuarrak, beste errealitate bat jarri zion begien bistan: “Nahi baduzu, nik erakutsiko dizut espainiera, baina ez dut uste erabaki egokia litzatekeenik. Herri honetan beste hizkuntza batean bizi gara gehienak, euskaraz. Espainiera ikasten baduzu, denekin elkar ulertzeko moduko tresna bat izango duzu, horrek euskara ikasi gabe bizi zaitezkeela ondorioztatzera eramango zaitu, eta ez duzu ikasiko; euskara ikasten baduzu, nik ziurtatzen dizut gaztelania ere ikasiko duzula. Hartu zaituen herri honetan denek ez dakite euskaraz, baina bi hizkuntzen jabe egiteak hemengo herritar guztiekin konektatzeko aukera emango dizu; ba-tzuekin dakiten hizkuntza bakarrean, besteekin hurbilen sentitzen dutenean. Horrek gaztelania soilik jakiteak emango ez lizkizukeen baliabideak, aukerak eta dimentsioa emango dizkizu”.

Europa ekialdetik etorritako neska gazte hark, jada emakume heldu, egoitza batean egiten du lan. Badaki nori zein hizkuntzatan zuzendu. “¡Buenos días, Ángela!”, esango dio espainieraz besterik ez dakienari, eta “Egun on, Joxan!”, euskaraz mintzaturik bihotzean kilimak egingo dizkiola eta askoz hurbilago sentiaraziko duela dakien aitonari. Akademian planak birpentsarazi zizkion irakasleak ez zizkion begiak bakarrik ireki, baita beste mundu bat ere.