Herri txiki bateko hizkuntza gutxitu batean bizi eta sortu nahi izateak eragiten du aski barne eta kanpo-gatazka. Kanpo-gatazkak aipatzen ditudalarik, inguratzen gaituen gizarteaz ari naiz, bizi dugun jendartearen ezaugarriez: publiko eta merkatu murritzago batentzat ari beharrak muga nabariak ditu. Barne-gatazka errealitate horren jakitun izanik sortzen zaigun beste borroka bat da, geure buruari eta sormenari eman nahi dizkiogun aukeren eta ezartzen dizkiogun mugen artekoa.

Kirmen Uriberi eman diote aurtengo Eusko Ikaskuntza saria. Euskaraz sortzeaz aritu da ondarroarra: “Gaur mundua zabalik dago euskararekiko: ez da lehen bezala, ez baitzen baloratzen gauzak euskaraz egitea. Planetak osasungarri gisa hartzen du gureak bezalako hizkuntzak erabiltzea, ekologian bezala hartzen da, eta euskarak balio erantsia ematen dio zure lanari.” Kirmenen gogoeta irakurririk eta haren lanak munduko hainbat hizkuntzatan izan duen arrakastaz jabeturik, pentsa liteke... euskararen hautuak ez dakarrela hainbat neke; balirudike... dikeak ez direla hain dike. Askotan, maluruski, arazoa ez da itsasoaren zabala, geure hondartzetan oinak nork busti ditzakeen eta nork ez erabakitzeko dugun joera moztailea baizik.

Gasteizko musikari euskaldun berri batek oraintsu arte erdaretara mugaturik egon den musika estilo batean euskaraz abiatzea erabaki zuen. Hainbat arlotako artistak joera politiko jakin batzuekiko atxikimendua eta konpromisoa erakusten hain ohiturik gauden herri honetan, euskal sortzaile gazte horrek barkamen-ohar bat kaleratu behar izan du beste joera politiko bateko norbaitekin –hauteskunde atarian, bai, eta zer!– podcast bat grabatzeagatik. Euskararen merkatutxoa are gehiago mehetuko zaion beldurrez-edo, “podcastean parte hartzeak pertsonaren bat mindu badu”… mea culpa. Ulertzen dut, badakit zein herritan bizi garen, eta ni ere ez naiz hasiko Kai Nakairi zer eta nola egin behar duen esaten, baina tristura sakon-sakona eragin dit komunikatuak eta hori kaleratu beharra eragin duen egoerak. Hizkuntza ez, geu gara murritzak eta murriztaileak.