Badira, lau urtero, hauteskunde kanpaina garaian, politikariei salgarri zaizkien ekimenak saldu ezin direnean, salagarriak diren egoerak herritarren ezagutzapean jartzera kalera ateratzen direnak, pankarta eskuetan hartuta. Horietakoa da Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionalaren kasua. Aurtengoan ere, Kontserbatorioko zuzendaria buru dela (aurrekoa ere halatsu ibili zen) kontserbatorioaren ordezkaritza zabala kalera atera da eraikin eske. Kontua ez da eraikin politagoa eskatzen dutela. Musika ikasi eta irakasteko baldintzak beteko dituen eraikin bat baizik. Oraingoak ez baititu gutxienekoak ere betetzen: ez segurtasunezkoak, ez egiturazkoak, eta ondorioz, ezta pedagogikoak betetzen laguntzen ere.

Donostiako Kontserbatorioaren eraikina (Easo kalea, 45) egoera tamalgarrian dago. Agintariek kulturari eta, kasu honetan, musikari ematen dioten garrantziaren neurria erakusten du. Musika ez baita han-hemengo ekitaldietan ondo geratzen laguntzen digun arte betegarria, bost minutuko plazerra eskaintzen diguna, momentu klabeetan bihotzak berotu eta gogoa pizteko baliatzen duguna. Musika, herriaren izpiritua da, egunero sortzen dena, egunero elikatzen dena. Musikak denbora neurtu perfektuan interpretatzen du gure gizartearen eguneroko taupada eta galdatzen du herritarra. Egunero sortzen eta zigilatzen du herriaren izaera. Musika arte oso zaila da. Aditu askoren iritziz, arteetan perfektuena. Sekulako ikasketak eskatzen ditu. Diziplina. Neurririk gabeko borondatea. Konpromisoa. Dedikazioa. Eta hau guztia zertarako? Gure mundua interpretatzeko beharrari erantzuteko.

Talentua sortu eta talentuari eutsi beharraz ahoak ezin gehiago zabaltzen zaizkigu. Bada, Donostiako Kontserbatorio Profesionala talentua sortzeko gune bat da. Baina ikasleei talentu hori garatzeko aukerak eman behar zaizkie, edota joan egingo dira (arrazoi guztiz). Eta hori gertatzen ari delarik, Donostiako kontserbatorioak eraikin duin bat eskatzen du. Herriko talentuaren alde lan egiten jarraitzeko, eta musikagileei (ikasleei zein irakasleei) dagokien duintasuna erakusteko.