Manifestaldi jendetsua egin zuten atzo Baionan, euskararentzat aro berri bat aldarrikatzeko. Euskarari lege-babes handiagoa ematea, esate baterako, edo euskaraz ikasi eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea. Nafarroa Garaian ere eskas diren baliabideak.

Iraganeko aferak oraingoekin lotzen dituzten txio jakingarri zenbait argitaratu ditu asteon Aitor Pescador historialariak. Nafarroako Garrues herrixkako istorioa da bat, 1830ekoa. Iruñearen mugakide da Garrues, Ezkabarte udalerrian dago. Garai hartan euskara zen garruestarren hizkuntza nagusia –Luis Luziano Bonapartek euskararen indar goreneko eremuan kokatu zuen 1863ko euskalkien mapan–. Herriko apaiza beste herri batera eraman zutenean, herritarrek haren ordezko hautagaietako bat errefusatu egin zuten, “hitzik ez baitaki euskaraz”.

Urte bi geroago, Nafarroako Eritzegoitiko Egillor herrian, apaiza beste herri batera joanarazi zuten, hark ere ez baitzuen euskararik mintzo. Fiskaltzak babestu zituen herritarren hizkun- tza-eskubideak. Abadea kexatu egin zen, bidegabeki tratatu zutela salatu zuen. Fiskaltzak irtenbide bat proposatu zion elizgizonari: urtebeteko epean treba zedila bertako hizkuntzan.

Ia 200 urteren buruan, gisa bereko gorabeherekin jarraitzen dugu, baina egungo Nafarroa Garaian euskaldunen eskubideak zonaldeka banatzen dira eta askoz biluziago daude. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, non lege-oinarria sendoagoa den, fiskalek eta epaileek ezagutzarik gabeen eskubideak lehenesten dituzte; lanpostu bat eskuratzeko eskubidea jartzen dute langile horiek zerbitzatu behar dituztenen hizkuntza-eskubideen gainetik; zerbitzariek aski jakintza ez dutenez, herritarrek egokitu behar izaten dute haien moztasunera.

Bizkitartean, Argentinako Patagoniako ipar-ekialdean, euskal jatorriko ama gazte euskaldun berri batek euskaraz egiten dio urtebeteko alabatxoari: Lur, zu izango zara Patagoniako lehen euskaldun zaharra.