Asteon adostu dute Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legeari dagokion behin betiko testua Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean. 98. urtetik indarrean dagoena ordeztuko du. Lege berriaren baitan eskola-adineko kirola hiru etapatan egituratuko da: Haur Hezkuntzakoak (sei urtera arte) jarduera fisikoa eta jolas librea sustatuko du; sei urtetik hamabira artekoan jarduera fisiko ludikoa eta kirol ani-tzekoa bermatuko da (lehiaketak eta entrenamenduak egin ahal izango dira, baina osagarriak izango dira beti); hamabitik hamaseira artekoan kirolean parte hartzeko, errendimendu-kirolean murgiltzen hasteko eta kiroleko talentuak eta etorkizun oparoko kirolariak identifikatzeko ibilbideak garatuko dira. Ez nuen ulertzen hamabi urtera arte lehiatzea debekatzen zuen araudia, gaizki enfokatutako babesa iruditzen zitzaidan, asmo onez bultzatua izanik ere. Eskolak eta familiak badituzte haurrei sanoki eta begirunez lehiatzen irakasteko baliabideak, hori da funtsezko betebeharra.

Ez dut gure Endrikeri Aitaren Egunean egundo oparirik egin izanaren gomutarik, ezta neuri egindakoenik ere. Ez didate grazia zipitzik egiten horrelako ospakizunek. Gurean bada bi aita (eta bi ama) dituen mutiko bat. Bizkar-zorro astunean bildutako makinatxo bat sentipen-zurrunbilo kudeatu behar izan ditu ume-umetatik. Familia-modu berrien izenean, aitarik gabekoenean, Aitaren Eguna ezabatu eta Pertsona Bereziaren Eguna ospatzea ere asmo onez baina enfoke makurrez egindako proposamena begitantzen zait. Zer da bizitza hu-tsuneak betetzen eta gabeziak hornitzen saiatzea baino? Haurren hezkuntzaz dugun prestakuntza eta kontzientzia ez al dira aski dena delakoagatik aitarik (edo amarik, aitona-amonarik, neba-arrebarik...) ez duen haurrari benetako babes psikologikoa emateko? Familia-modu berriek damaiguten aniztasunak eta aberastasunak ez al dute beste naturaltasun bat eskatzen? Ospakizunak urardo-tzea baino egokiagoa ez al litzateke aitarik ez dutenei bestelako pizgarriak bilatzen lagundu eta frustrazioen kudeaketa lantzea? Arrastada txikirik ere ez duten bihotzak dotore geratzen dira emotikonoetan.