Fonetikoki gustagarriak diren hitzek kontzeptu atseginak izendatzen dituzte eskuarki. Ez beti, bistan denez. Badira belarrian oso gozo sartu arren esanahi higuingarria duten hitzak. Horietako bat da txutxumutxu. Iritzi soila da, noski. Badakit Jorge Javier Vazquezi begira ordu asko igarotzen dituzten milaka euskal herritar daudela; ohartzen naiz egunerokotasuna Sálvame limón bihurtzen duten pertsona ugari dugula baranoan; nabaritzen dut jende askoren libertimendu nagusi dela halakoren dibortzioaz eta bestelakoren eritasunaz marmarrean aritzea; agerikoa da ondokoen zauriak xurgatuz elikatzen den saiz inguratuta gaudela. Neskazaharkeria deitu izan diogu jardunbide horri, erraietaraino sartuak ditugun tik matxisten ondorioz, jokabide hori emakumeen ohitura soila balitz bezala.

Zarautz erdi-erdian dagoen zapata-denda ezagun batek erakusleihoa paperez estali du, alderik alde. Aski zatekeen pare bat orduz horrela edukitzea marmartiei zernahi asmatzeko bide emateko: saldu egin nahiko ditek, gaixotu egingo zunan, erretiroa hartzeko gazteegia duk oraindik, ea senarrarekin bihurritu eta hark erdia eskatu dion... Ezer ez eta festa, eulien bazka. Dendariak ezagutu egiten, ordea, marmartien kluba. Paperez estali orduko, ohar bat jarri du erakusleihoaren alde banatan: “ez dugu denda ixteko asmorik, eta nagusiak ez du erretirorik hartu. ; ) Denda berritzen ari gara eta apirilaren hasieran itzuliko gara. Barkatu eragozpenak”. Eta marmartiei masail erdi-erdian zapla! eman diela iruditu zait, auzo herrietan ere entzun da zaplaztekoa.