URTEAK aurrera, malenkoniaz gogoratzen ditut denbora ederren lekuko eta bidelagun izandako adiskideak; neure burua irribarrez somatzen dut halakoak irudikatzen ditudanean. Gozamen hutsa da aspaldiko lagunekin kafetxo baten aurrean ikustea nola partekatzen dugun geure bizitzaren kontaketaren zati eder bat.

Kalean bizi den eta kalea bizi duen herri baten jaio eta hazi ninduten. Kalea zen umeen jolastokia, gazte-koadrilen topalekua, ofizio askoren garapen-eremua, errierta gehienen joko-zelaia eta, azken batean, herritar guztien bizi-espazio zabala. Gure gogoramenik sendoenak eta iraunkorrenak bertan daude, bertan ditugu betirako gordeko ditugun bizipenik intentsoenak. Badago esaten duenik haurtzaroa dela aberria. Ez dakit horrenbeste den baina, esango nuke, badela aberria ikasten dugun aroa.

Herri horietan, adin batera ezkero gauza arrunta da familietako lau belaunaldiko kideak ezagutzea, norberekoa, haren guraso eta aitite-amumak eta semealabak. Gainera, ohiko lagun-taldean denok dugu elkarren berri, familia bakoitzaren “eukixak”, ideologia, ondasunen kudeaketa-estiloa, … guztiaz jakiten dugu guztiok, bizitzaren gora-beherek dakarten mugekin bada ere.

Aurrekari horiekin, gure artetik joan zaigun lagun bat dakart gaurko lerroetara: abizenik behar ez duen Mari-Eba. Hobeto esanda, bere borondatez, Eba. Adin ia berekoak izanda ere, gure koadrilla Kanttoipekoa, berea Kalandikoa, ez ginen izan talde-kide. Halere, elkarri izan diogun estimuan aurkitu dugu urteetako solaskidetza maitakorra eta oparoa. Nire urterik zaileenetan bere adeitasuna beti eskertu nuen, berari soilik kontatu nizkion pozgarrienak zitzaizkidan albiste batzuk. Betirako zorretan naukan Etxebarria Goiogana Ebaren hutsuneak utzitako zirrarak nakar lerro hauek idaztera.

Ez inoiz ez ezeri errie emon ez dion emakume eredugarria izan zara Eba. Bide bat amaitu zaizu. Baina asko dira bideak, zure adiskideon gomutak bezain beste. Eta horiek iraungo dute, garen artean. Egun handira arte, lagun.