Frantzisko Aita Santuak esan du homosexualitatea ez dela delitua, baina bai bekatua.

Egon zen Espainian lege bat, 1933koa, Alfer eta Gaizkileen Legea deitzen zena, Bigarren Errepublikako Gorteek onartutakoa, eskaleak, nomadak, proxenetak eta antisozialtzak jotzen ziren bestelako jokaerak zituzten pertsonak nola tratatu behar ziren arautzen zuena. Lege hau, gerora, diktadura frankistak aldatu zuen, zeinetan, atxiki beharreko kolektiboen artean homosexualak ere zerrendaratu zituen.

Delituak zigortzen ez zituen legea zen ordea; ez zituen zigorrak ezartzen, baizik eta ustez arriskutsuak ziren pertsonak urruntzeko, kontrolatzeko eta atxikitzeko neurriak hartzen, harik eta haien arriskugarritasuna amaitu zela ziurtatutzat jo zitekeen arte. Gero, antisozialtzat hartzen ziren pertsona hauen gainean gizarteak egiten zuen epaia, besterik zen, noski.

Eliza katolikoaren mandamendurik aurrerakoiena eta berdinzaleena, bigarrena izan da eta izaten jarraitzen du, zalantzarik gabe: “lagun hurkoa maiteko duzu zure burua bezala”. Horrek guztiok berdintzen baikaitu, enpatia bultzatzen du, ulermena praktikatzea dakar (barkatze ekintzaren bestaldean kokatzen dena), bizikidetza sustatzen du eta integrazioa bideratzen. San Pablok esana da mandamendu honen gainean, eta hala jasoa elizaren liburuetan, lagun hurkoa maitatzen duenak Jainkoaren Legea betetzen duela.

Honen guztiaren kontra, ordea, Frantzisko Aita Santuak, homosexualitatea bekatua dela adierazi du. Ez delitu, baina bai bekatu. Hau da, elizak ez du homosexualak atxikiak izan daitezen nahi, baina bai sozialki epaituak eta baztertuak, lehenbiziko epaia eta baztertzea elizarena berarena izanik. Elizak, bada, Jainkoaren Legea betetzen dutenen eta ez dutenen arteko marra gorria ezartzen jarraitzen du. Eta honakoan, legea betetzen ez dutenen marraren bestaldean, lagun hurkoa maitatzeari eta berdin bezala hartzeari uko egiten dioten guztiak lerratu ditu, eliza bera barne.