EUSKO Ikaskuntzak abian duen Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren gogoetari Iparraldeko ahotsa gehitu izan zaio Kanbon Euskal Konfederazioarekin batera antolatutako Foroan. Euskal Herri osoko eremu administratibo desberdinetan hasitako Euskal Hezkuntza Sistemarekin lotutako herri-gogoetari jarraipena emanaz, Euskal Konfederazioarekin elkarlanean Seaskaren egoitzan bildutako foro parte-hartzailearekin burutua. Hitzordu honetan, Iparraldeko ahotsa jaso ahal izateko, indar berezia jarri zen Iparraldeko eremu ezberdinetako pertsona gako eta anitzak biltzean. Hezkuntza publikoa, ikastolak, ikastetxe katolikoak, guraso elkarteak, unibertsitateetako ikerlariak, eragile sozio-ekonomikoak, kultur elkarte eta erakundeak, gizarte zibileko elkarteak eta mugimenduak, Ipar Euskal herriko erakunde desberdinak ordezkatuak izan ziren bertaratutako pertsonekin.

Horretaz gain lurraldetasunaren ikuspegia: Euskal Herri mailako gogoetarako lagin esanguratsua bildu zen, hau da, Zuberotarrak, Behe Nafarrak, Lapurtarrak, Bizkaitarrak, Gipuzkoarrak, Arabarrak eta Nafarrak elkartuz. Funtsezkoa: Euskal Herri mailako gogoeta partekatua burutzea, partekatzen ditugun erronkak eta premiak identifikatzea eta hauei erantzuteko elkarlanerako aukerak garatzea. Eguzki Urteaga, Sébastien Castet, Maialen Idoate, Hur Gorostiaga eta Beatriz Akizuk egitasmoaren eta saioaren markoa kokatu ondoren, dinamika parte-hartzaileak garatu zituzten galdera nagusi honi erantzuna bilatzen hasteko:  Zer norabide eman behar diogu Euskal Hezkuntzari? Hausnarketa gidatzeko, ardatz nagusi honen inguruan kokatu zen eztabaida: Euskal Herriaren iraunkortasuna eta hezkuntza, gobernantza komunitarioa eta mugaz gaindiko lankidetza, nola bideratu? Saioan jasotako ekarpenak EAEn eta Nafarroan bildutakoekin batera uztartuak izango dira ibilbide partekatua marrazteko helburuz. Nahiko lan eskuartean. Ekinaz ezina egina, aurrera, beti. Zorte on. Bedi bada.