Pederastiari buruzko zenbait albiste izan dira aste honetan ere, eta horrelako bat agertzen den bakoitzean, beti pentsatzen dut izeberraren ertz txiki bat ikustera heldu garela bakarrik, umeen abusua badela guk uste baino maizago gertatu den eta gertatzen den zerbait. Seguraski bizi izan duenak bakarrik daki zein zauri sakon eta sendaezin utzi dezakeen umetan halako zerbait gertatu izanak. Munduaz ia ezer ez dakizun garai batean, are gutxiago sexuaz, eta nagusien autoritatea naturaltzat eta ukaezintzat hartzen duzunean, nola digeritu pertsona nagusi batek (askotan familiako kide batek) zure gorputza desiratzea eta ukituak edo zerbait larriagoa egitea? Nola ulertu guzti hori zure errua dela pentsatu gabe? Ez da arraroa sentitzea zerbait egin duzula gaizki, ez baita normala nagusi batek hori egitea, halako erreakzioa eragitea beragan. Zenbat eta zenbat kasu geratu diren isilpean horregatik, lotsagatik, errudun sentitzeagatik. Horregatik iruditzen zait sekula ez dela berandu halako abusu baten biktima izan zarela plazaratzeko.

Aste honetan bertan agertu dira telebistan biktima izandako zenbait pertsonen testigantzak: “Guk ez dugu zertan lotsatu behar, gu biktimak gara, egin duenak sentitu behar du lotsa”, esan dute. Eta bai, baina hain erraza eta logikoa den planteamendu bat ez da hain erraz onartzea biktima izan bazara. Batzuk hil egin dira erruduntasun sentipen hori eta kasuaren inguruko sekretismoa gainetik kendu gabe. Sekretu handi hori oraindik gordeta mantentzen duten guztien minagatik eta bereziki aurrerantzean biktima izan daitezkeen guztiengatik, testigantzak ezagutzea beharrezkoa da. Ukendu izan daitezke pertsona askoren zaurientzako. Behingoz errua eta lotsa gainetik kendu dezaten, telebistan agertutakoek esan bezala, biktimak ez duelako zertan lotsatu behar, egin duenak sentitu behar duelako lotsa. Testigantza horiek entzutean agian norbaitek behin lapurtu zioten haurtzaroa berreskuratzeko aukera izan dezake.