LAZARRAGA orain dela urte gutxi batzuk eta Irulegiko Eskua aste honetan bertan: bi une historiko (adjektiboa egokia da behintzat) bizitzea gauza handia da zalantzarik gabe, bi-biak idazkerarekin lotuta, gainera. Ezin da gehiago eskatu. Edo bai, testu zaharrekin eta idazkun are zaharragoekin amets egiteak ez dirudi orain fantasia burugabea, benetan gerta daitekeen zerbait baizik. Zientzia eta pazientziaren emaitzak, zeren Irulegiko Eskuak erakutsi baitigu zientzia geldo eta astuna bide sendoena dela ezagueran aurrera egiteko, pintzel txiki batez gauzaki bat garbitu nahian orduak eta orduak makurtuta ematen dituztenak direla, azken finean, jakintzaren berme nagusia, eta, halaber, jakina, argazkiak eta bideoak, mapak eta analisiak, aditu askoren esku-hartzea eta zuhurtzia, presarik eza. Gogoa Iruña-Veleian egin zen lardaskeriara eta faltsukeriara doa nahi gabe; konparazioak gorrotagarriak izango dira agian, baina beharrezkoak.

Gorrotxategi jaunaren hitzak eredugarriak dira: ez dakiguna dakigunaren bezain interesgarria da, ulertzen ez duguna ulertzen dugunaren bezain zirraragarria, baskoien hizkuntzaz, baskonikoaz, hitz egiten du, datozen urteotan egin beharreko lanaz (geldoa, astuna). Poza, euskaldun guztiok duguna, bai, baina poz neurtua. Benetako zientzia, benetako kultura.

Folklorekeriak eta negoziotxoak izango ditugu orain, normala den bezala: lepokoak Irulegiko Eskuarekin (ni prest nago eramateko, nola ez), belarritakoak eta elastikoak, poema txarrak eta euskarafoboen artikulu barregarriak (agertu dira dagoeneko). Hori guztia ere pazientziaz hartu beharko genuke, drama gehiegirik gabe, badakigu nolakoa den mundua.

Azken oharra: idatzi zutelako heldu zaigu guri argi eta garbi baskoi haien oihartzun bizia, idatzi; norbaitek marrak eta puntuak egin zizkion esku baten forma zuen brontzezko xafla bati, hizkiak osatu zituen pazientziaz. Nola ikasi zuen? Ez zuen jakingo zein punturaino egin gaituen gu zorioneko, baina beharbada utzi digun irakasgai handiena da guk ere idatzi egin behar dugula, guk ere idazten segitu behar dugula.