Monarka tximeletak intsektuen migrazio zabal eta ugarienetako bat egiten du. Hegoak -beirate modernista polikromatua- laranja kolorekoak dira, marra beltzak tartekaturik. Ikusgarriak dira, baina batez ere, lepidoptero ahaltsuak dira, udazkenero sekulako bidaia bati ekiten baitiote negua Mexikon pasatzeko eta belaunaldi berri bat sortzeko. Indartsuak dira eta bederatzi hilabete arteko bizitza eduki dezakete. Botere fisiko horri esker 4.000 kilometro egin ditzakete Kanadatik eta Ameriketako Estatu Batuetako iparraldetik Mexiko erdialdeko oihanetara.

Behinola, Mexikoko lagun batek Michoacaneko basoetara abiatzeko egiten duten bidaia miresgarria kontatu zidan. Milioiak iristen dira han dauden basoetako zuhaitzak kolorez janztera, eta bide batez bikote desiratua topatzera eta intsektuen amodio-dantza egitera. Odol hotzeko tximeleta horiek 33 egun tardatzen dute leku batetik bestera, hegan, etengabe hegan, egunero 125 kilometro eginez. Sen atabikoak adierazten dien puntura urrian helduko dira, eta han martxora arte lotuko dira. Sasoi horretan ere, Hildakoen Eguna izaten da, Mexikon egun garrantzitsua. Bada, mexikarrek lore sorta ederrak jartzen dituzte senide maitagarrien hilobietan, eta batzuetan pinpilinpauxa horiek agertzen dira. Bertakoak hildakoen arimak direla sinestuta daude.

Ederra da, ezta? Dena baina, ez da hain ederra. Baso haiek zaintzen zituen pertsona bat bazegoen: Homero Gomez Gonzalez aktibista eta ekologista. Duela urte pare bat hilik topatu zuten. Gizon horrek tximeletaren habitat zaintzen zuen, beren basoa, eta zuhaitzen mozketa klandestinoa salatu egin zuen behin baino gehiagotan. Bertako laborariak inplikatu zituen oihaneztatzeko lanetan, basoa jagoteko eta bizirik mantentzeko, bertan gertatzen ari zen natura-degradazioari galga jartzeko.

Berak munduratu zuen tximeleta miragarriaren istorioa, eta horrek turismoa piztu zuen alde hartan. Baino bertako lur-jabeek beste asmo batzuk dituzte basoekiko. Poltsikoak txanponez bete nahi dituzte, kosta lain kosta. Horrexegatik ari dira ekintzaile ekologistak erditik kentzen. Urtero dozenaren bat akabatzen dute herrialde horretan inolako gupidarik gabe. Tximeletek beren arimak ekarriko dituzte aurten?