BADAGO telebistan analisi-edo egiten duen programa horietako batean gizontxo bat, apezpiku ondo elikatuaren manerak dituena, bizartxoa, betaurrekotxoak, demokrazia hitzarekin puzten dena, leuna, sasierudizioz jantzia, modu sotilean eta baketsuan gerra gehiago eskatzen ari dena etengabe. Ahoa zabalik geratzen naiz agertzen denean. Jakina, gertatzen den guztiaren errua Putinek dauka, baita izotz-koskorrena ere, gure zibilizazioak oraintxe bertan duen erronkarik nagusia (beste egunen batean gin-tonicaren diktaduraz idatzi behar dut).

Gizontxoa poz-pozik dago oraintxe bertan Putinez gain beste etsai bat agertu delako: Txina, Xi Jinping-en gaiztakeriak Putin txiki uzten du. Gizontxoarentzat Pelosi andrea da demokraziaren jainkosa, zer diot, demokrazia haragitua, eta Taiwanera, zer diot, demokraziaren paradisura egin berri duen bidaia erromesaldi santu bat, guztiok gure bizitzan behin, gutxienez, egin behar genuen ibilaldi sakratua. Ez dakit zertan ari dira pentsatzen bidaia-agentziak. Hegaldi merkeak bilatzen hasi naiz.

Gizontxoari ez diot inoiz Gaza hitza entzun, eta Saudi Arabia aipatu zuenean “aliatu estrategiko” deitu zion herrialdeari. Argi dago demokrazia eza erraz ahantzi ahal dela “aliatu estrategiko” bat bazara, eta, aitzitik, “aliatu estrategiko” bat ez bazara, zure demokrazia ez dela hain “demokrazia” izango.

Gerra gose dagoen gizontxoa ez dut nik irudikatzen soldaduz jantzita fusil automatikoa eskuan, gizontxoa bere hitz eztiez besteak xaxatzen dabilen horietako bat delako, erretaguardian goxo dagoen bitartean. Hitz ezti horiek, baina, lan ederra egiten dute eta, konturatu orduko, zu zeu ere pentsatzen hasten zara Putinen erruz bihurritu zenuela orkatila aurreko egunean eta gerra gehiago behar dugula. Niri gertatu zait.

Azkenaldian gizontxoa beldurtuago ikusi dut afera txinatarra dela eta; munduan base estatubatuar gehiago behar ditugula dio otzan eta lasai. Hitz limurtzaileak berriro ere. Gabaran edo, hobe, etxeko balkoian base estatubatuar bat jarri behar dudala pentsatzera iritsi naiz une batez.