TXIMINOEK kaioletako sareetan gora egiten dute turistak begiratzera. Izua ematen dute. Turistek atzera egiten dute gorputz beltzak gainetik ageri zaizkiela. Ongi daude dauden tokian, kaiola atzean, bere mundu ilun eta krudel horretan; hesia gainditu eta zootik kanpoko mundura ailegatuko balira dena suntsituko luketela seguru daude zooko turistak, denarekin bukatuko luketela, baita zooarekin berarekin ere. Turistek ez dute ulertzen zen gertatu zaien tximinoei azken boladan; asaldaturik dabiltza, ez dakite zergatik diren istiluak, janik eman ez dietelako ote den, edo haien arteko gorabeherengatik edo tximinoen kulturatik ulertzen ez dituzten hainbat gauzengatik. Hainbat turistek egiten dituzte tximinoak ulertzeko ahaleginak -tximinologoak ere sortu dira- baina nekez lortzen dute. Beste batzuk tximinoak sareetan gora ikusi eta beldurraren beldurrez ez ikusiarena egin, eta lasterka abiatzen dira zootik kanpo, haien etxeetara. Tximinoek hesiaren beste aldera begiratzen dutenean han ikusten dituzte: izozkiak jaten aritzen dira, begi harrituekin haiei so. Tximinoek ez dituzte turisten bizimoduak erabat ulertzen, baina haiek dituzten gauzak nahi izaten dituzte. Tximinoak ez daude gustora daukatenarekin, badakite turistak gauza gehiago dituztela, baina, batez ere, turistek duten bizimodu hobe hori bizi nahi dute. Tximinoei ere ematen die beldurra turisten bizitzak, turistek beraiek? Tximinoek badakite haien artean bizitzea ere ez dela erraza izango, haiek tximinoak eta besteak turistak izateagatik beragatik. Tximinoek badakite kaioletako sareetan aiztoak daudela badakitela turistek, baina turistek, beldurraren beldurrez nonbait, ez dira kentzera ausartzen. Tximinoei batzuetan turistak ergelak iruditzen zaizkie bere mundu turistiarrean, horren dira seguru bizi, horren uste dute daudela salbu. Ez dira ohartu munduko populazioaren gehien-gehiena tximinoek osatzen dutela. Tximinoek badakite turistak ez direla haien turistasunaz ohartu ere egiten; badakite turisten bizitokia zooa dela eta ez alderantziz. Tximinoek badakite turistak tximino direla. Turistak, ordea, ez dira enteratzen.