Burujabetzaren alde mobilizatzeko unea delako
Ekainaren 7an, Bilbon, kalera aterako gara berriz ere burujabetza osoaren alde. Gure Eskutik egin dugu deialdia, “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki” lelopean. Aurrera egiteko garaia delako. Euskal herritarrok burujabetza tresna gehiago eta hobeak behar ditugula ozen esateko garaia delako. Ezetz diote batzuek, ez dagoela giro, jendarteak bestelako kezkak dituela. Guk baietz diogu, ordea, burujabetzaren bidean urrats nabarmenak egiteko benetako baldintzak daudela, inoiz baino beharrezkoagoa dela, gainera, eta ezinbestekoa dela, beraz, borondate hori kalean erakustea.
Hamaika arrazoi baitaude burujabetzaren alde kalera ateratzeko. Euskal Herriaren estatusari buruzko eztabaida agenda politikoan dago. Euskal Autonomia Erkidegoan, indar politiko nagusiak horri buruz hizketan ari dira. Nafarroan, Foru Hobekuntzaren lantaldea lanean ari da. Eta Ipar Euskal Herrian ere badira instituzionalizazioan eta autogobernuan sakontzeko proposamenak. Hiru eremu horietan errealitateak ezberdinak dira, erritmoak ere bai, baina hiruretan dago herri gisa jauzi egiteko eta datozen urteetan geure burua gobernatzeko baliabideak eskuratzeko aukera. Sintoniatik sinkronia lantzen ahalegindu beharra dugu, prozesu desberdinek elkar elikatzen baitute.
Horrez gain, Euskal Herriko indar subiranistak egoera onean daude indarrak biltzeko eta gure herriari, erabakitze eskubidearen ildotik, burujabetza osorako bidea egiten ahalbidetuko dioten proposamenak defendatzeko estatuen aurrean. Haiek ere badute eragiteko ahalmena, azken urteotan hainbatetan ikusi dugunez, eta ahalmen hori balia dezakete Euskal Herriak beste estatus batera salto egin dezan. Anbizioz jokatu behar dugu.
Horrelako prozesuak, baina, ezin dira herritarren partaidetzarik gabe ulertu; ezin dira geratu alderdi politikoen bilera geletako lau pareten artean; funtsezkoa da jendartea osatzen duten esparru ugarietako eragileek, beren aniztasunetik, gaiari heltzea; funtsezkoa da herritarrek beren ahotsa entzunaraztea. Kulturak, esparru sozioekonomikoak, feminismoak, gazteek, erretiratuek… badute zeresana gai honetan. Herritarrek, oro har. Horiei guztiei eragiten baitie, eguneroko hamaika kontutan, erabaki politikoak hartzeko Euskal Herriaren ahalmenak edo ahalmen faltak. Horregatik, Gure Eskuk eztabaida hori eragile sozialekin eta herritarrekin partekatzeko moduak jarriko ditu. Eta horregatik nahi zaituztegu herritarrok, ahalik eta herritar gehien, geurekin ekainaren 7ko mobilizazio nazionalean.
Izan ere, gero eta nabarmenagoa da herri honek burujabetza behar duela herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzeko. Nola emango diegu euskal herritarren beharrei soluzio egokia, ez badugu, adibidez, geure errealitatera egokitutako gutxieneko soldata eta erretiro pentsioak ezartzeko zuzeneko eskumenik? Edo eskumen mugatuak baditugu osasungintza edo hezkuntza arloan, edo oztopoak jartzen badizkigute etengabe, Euskal Herritik kanpoko eremuetatik, euskararen normalizaziorantz egiten ari garen bidean, edo ezin badugu geure lurraldeen arteko artikulazioaz erabaki… Sinetsita gaude, gainera, erabakiak herritarrengandik gertueneko esparruetan hartzeak, kontrol demokratikoa indartzeaz gain, errazten duela jendartearen kezkei hobeto erantzutea.
Baina, are gehiago, munduak erronka itzelak ditu etorkizunari begira: nazioarteko ordena berria, adimen artifiziala, digitalizazioa, larrialdi klimatikoa, migrazioak… Euskal Herria ez da salbuespena. Eta egia da Euskal Herriak munduko gainerako herrien eskutik heldu beharko diela erronka horiei, baina egia den bezala gure ekarpena hobea izan daitekeela guk geuk hartzen baditugu guri dagozkigun erabakiak, bertako errealitatea kontuan hartuta. Gero eta agerikoagoa da burujabetza gabe hankamotz gabiltzala, Euskal Herrian bertan eta munduan. Ez gara besteak baino gehiago, baina ezta gutxiago ere.
Nazio eta bere burua gobernatu nahi duen komunitate gisa agertzeko unea da. Zatiketa administratiboak gainditu eta lurraldeen arteko harreman funtzionalak indartzekoa. Lankidetza berri bat irudikatzekoa. Erabakiak hemen elkarrekin hartu nahi ditugula esatekoa. Herri libre bat eraikitzen jarraitzekoa. Baldintzak daudelako eta aukera aprobetxatu behar delako. Eta herritarren bultzada nahitaezkoa da urrats horiek egingo badira. Euskal Herri osoak aurrera egin behar eta nahi du eta euskal herritarrok protagonistak izan behar dugu. Prozesu honetan ez saiatzea litzateke porrotik eta frustraziorik handiena eta guk, elkarrekin pentsatuz, anbiziotik eta herritarron nahitik eraiki nahi dugu geure herria.
Horregatik, zuei guztioi, munduari euskal herritar gisa begiratzen diozuenoi, zazpi lurraldez osatutako nazioa garela aldarrikatzen duzuenoi, Euskal Herriak demokratikoki bere burua gobernatu behar duela pentsatzen duzuenoi, erabakitze eskubidearen alde zaudetenoi, ekainaren 7ko mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin nahi dizuegu. Festa eta komunitate giroan elkartuko gara berriz ere Bilboko kaleetan hainbat adin, jatorri eta iritzitako herritarrok, geure aniztasunaren erakusgarri. Eta gure ondoan nahi zaituztegu. Erabakitze eskubidea eskubide demokratikoa delako, unea delako, beharrezkoa delako eta baldintzak aukera bihurtu behar direlako, eraiki dezagun Bilbon bertso berri bat bere azken oina “burujabetza” izanda. Gure Eskuko bozeramailea