FORTUNATO Agirre Lukin Arellanon jaio zen Lizarraldean 1898ko uztailaren 12an, gaur dela125 urte hain zuzen. Amaiera tragikoa izan zuen, berak salatu zituen faxistek atxilotu eta garondoan tirokatuz hil zuten 38 urte zituelarik, orain dela ia 87 urte luze, irailaren 29an hain zuzen. Fortunato Agirre Lizarran finkatu zen, tailer mekaniko txiki bat sortu, 1929an Elvira Aristizabalekin ezkondu eta harekin bost seme-alaba izango zituen. Agian ezezaguna da Osasuna futbol taldearen sortzaileetako bat izan zela, era berean, Lizarrako Ikastolaren hasiera hasieran ekintzaile sutsua izan zen Petrita Azpirozen laguntzarekin. EAJ/PNVko Nafar Buru Batzarreko kidea bertako presidente Jose Agerre izanik. Azken Errepublikaren garaian Lizarrako alkate izendatu zuten EAJko beste lau zinegotzirekin batera, 13ren artean. Maitatua zen herritarren artean. Oso.

Fortunato Agirre, faxistek fusilatutako EAJko Lizarrako alkatea, 125 urte jaio zela

Langabeziaren aurka borrokatu zen, hiria zabaltzeko bide berriak jarri zituen autobide eta zubi erradialak eginaz, kultura eta euskara sustatu zituen. 1932an Lizarra ospatutako Euskal Estatutuaren Batzarraren buru izan zen. Kontzertu Ekonomikoaren urraketen aurka euskal alkateen matxinada dela eta, beste alkate askorekin batera epaitu zuten, Alkate kargutik kenduz. Fronte Popularreko gobernu berriarekin berrezarri zuten alkatetzan. Nafarroako gobernadore zibilaren aurrean, euskal demokrazia foralaren ohiko formula berrituz, “Obeditzen da, baina ez da betetzen”. Lizarran 2.550 bat gizonez osatutako goarnizio militarra zegoen metrailadore sekzioak barne. Udalari ezarritako elkarlanen artean trenbidez fakturatutako munizioa kuartelera eramatea zegoen. 1936ko uztailaren hasieran jasotako bidalketa batean, alkateak, bidalketa horretan, bere baimenarekin aurrera egitean, jasotako munizioa ez zela arauzkoa ikusi zuen, zeinen ezaugarriak eta modalitateak ondo ezagutzen zituen armadako sarjentu izan zelako. Lagapena bertan behera utzi eta Nafarroako Gobernuko Gobernadore Militarrari jakinarazi zion Molaren abentura kolpisten berri. Garai hartan Fortunato Agirre Alkatea Molaren parte-hartze kolpistaz erabat sinetsita zegoen. Eta salatu egin zuen. Mola jakinaren gainean egonik ahal zuenean mendekua hartu eta errukirik gabe hilko zuela erabaki zuen. Eta bete ere bere hitza.

Bizitza kostatu zitzaion salaketa hain zuzen. Fortunato Agirre konbentzituta zegoen Molak Irantzu eta Iratxeko monasteriotan milaka fusil gordetzen zituela nafar erreketeekin eta Nafarroako eliza atzerakoi, eskuin muturreko ultramontanoarekin elkarlanean. Ziur zegoen garaiko legezkotasunaren eta Errepublikaren aurka konspiratzen ari zela. Eta horrela Fortunato Agirrek Casares Quiroga Errepublikako Barne ministroari telefonoz deitu zion bere susmoak adieraziz. Baina honek, sinesgarritasun guztia kendu zion eta bere susmoei inolako aukerarik ukatu. Inork ez zion, ez zuten, kontuan hartu. Munizio hori entregatzeko agindu zorrotza eman zioten. Mola Errepublikaren menpeko eta Gobernuari esanekoa zela ziurtatuz. Garai haietan eta bien bitartean, Manuel de Irujo eta José Antonio Agirre Madrilen zeuden parlamentuko funtzioetan eta hantxe bertan Diputatuen Kongresuan Indalecio Prietok, garai hartan, Obra Publikoen Batzordeko presidenteak, Mola Errepublikaren aldeko jeneral bat zela jakinarazi zien eta Fortunato Agirre Lizarrako alkatearen gezurrei muzin egitea eskatu zien suntsigarria zelakoan Errepublikako Gobernuaren prestigioarentzat.

Uztailaren 16an, asteazkenean, Mola jenerala, beste soldadu batzuekin batera, Gasteizko, Logroñoko eta Iruñeako goarnizioko buruzagiak barne, Iratxe monasterioko klaustroetan, Lizarratik bi kilometro eskasera, elkartu zen. Alkate hura, bere arduraz jakitun, berehala ohartu zen zein izan zitekeen Iratxe monasterioko militarren arteko bileraren arriskuaz eta garrantziaz. Eta bildutakoak atxilotzeko prestatu zen. Guardia Zibila bildu zuen Lizarrako udaltzaingoaren buruaren agindupean, kapitain errepublikano amorratua hain zuzen. Uztailaren 18 bertan, Nafarroan oposiziorik gabe garaile-kolpea eman bezain laster atxilotu zuten eta horrela falangistak Fortunato Agirre bizi zen Arellanora joan ziren eta Lizarrako espetxera eraman. Fortunato Agirrerekin batera, Lizarrako udaltzaingoko zenbait kide eta baita Guardia Zibilaren kapitaina ere, Errepublikari leial zena, atxilotu zituzten. Eta ondoren, irailaren 29an, 72 egunez espetxeratuta egon eta gero tiroz erail zuten. Bi tiro garunean. Eta ezkutuan lurperatu.

Bere emaztea bikiz haurdun zegoen, Fortunato hil eta 34 egunera jaio ziren, Mirentxu eta Mikele. 39 urte beranduago, 2015ean hain zuzen, orain dela 8 urte beraz, Lizarrak Fortunato Agirre bezalako alkate euskaldun eta abertzale berri bat ezagutu zuen, eta horrela Koldo Leoz jaunak Fortunato Agirreren alaba bikien eta biloben aurrean kargua hartu zuen.

Ondo dago, etorkizunera begiratu behar da, bai, kexuen eta gorrotoen kate luzea ez da ona, ez, baina egia egi. Beti egia egi. Bakoitzari berea. Bakoitzari berea, bai. Zeren egon, egon ziren, egon, bazeuden demokraziari, euskal autogobernuari eta askatasunari leialak izan zirenak, baina traidoreak ere baziren, askatasunari, garaiko legalitateari, Errepublikari, Euskal Herriari eta demokraziari traidoreak izan zirenak, traidore makur eta koldarrak.

Bidezkoa eta beharrezkoa dela deritzot memoria edo sustraiak ez galtzea. Eta dena, bizia bera ere, eman zutenen zintzotasun irmo eredugarria gogoratzea eta zintzoki txalotzea. Eta bihotzetik gure esker ona adieraztea. Oroimen hunkigarri batekin bukatzen dut, oroimen hunkigarri bat bai, gerra-fronterik ez, borroka edo lubakirik ezagutu gabe ere, kolpisten eta faxisten eskutik mendekua, errepresioa eta sarraski ankerrak ezagutu zituzten nafar pertsona eta lur haiekiko. Garrantzitsua da gogoratzea, bai.

Lerro hauek idazten dituenak hunkituta gogoratzen du nola bere lehen haurtzaroan bere aita Inosenen ezpainetatik nola hitz egiten zidan bere aitaz (nire aitonaz beraz) Fortunato Bujanda izena eta abizena zuena, EAJ/PNVko kidea, eta pertsonalki ongi ezagutzen zuena beste Fortunato, Fortunato Agirre Lizarrako alkatea. Besarkada bi Fortunatoei beraz. Eskerrik asko Alkate jauna, ez zaitugu inoiz ahaztuko. Eredua beti eredu.

Eta “zalantza-goeta-kuriositate” bat: Errepublikako garaiko agintariek kasu egin izan baliote Fortunato Agirreri, kasu egin izan baliote Lizarrako Alkateari, sinestu izan baliote eta ontzat eman Emilio Mola salatu zuenean, era argi hartan, zer gertatu izan zitekeen 1936ko Uztailaren 18an Nafarroan? Emilio Mola atxilotu izan balute eta berekin batera fusilak eta munizioak desaktibatu, eta errekete eta falangista buruak preso hartu zer gertatu izan zitekeen “Norte”ko burrukan, eta Araban, eta Aragoien eta…? Auskalo. Bai, auskalo. Baina, “Iragandako urak ez omen du errotarik mugitzen”.