EZIN uka daiteke. Modan jarri dira patinete elektrikoak. Teknologia berriek dakartzaten kontuak. Asko dira halakoekin bigarren haurtzaroa bizitzen ari diren adin nagusikoak ere. Nonahi eta edonoiz ikus ditzakegu, kale, pasealeku, losa, bidegorri eta enparauetan. Baina badirudi ez direla aisialdirako eta olgetan ibiltzeko bakarrik. Lan-munduan ere baliagarri omen dira, eta, horrenbestez, enpresa batzuk hasi dira halakoak zeregin desberdinetarako erabiltzen.

Patinete elektrikoak ez eze, hoverboards nahiz segway delakoak eta monozikloak ere gero eta gehiago ikusten dira. Denak ere Mugigarritasun Pertsonalerako Ibilgailutzat jotzen dira. Badituzte antzeko edozenbat ezaugarri: ekonomikoak eta arinak dira, ez dute kutsatzen eta eurokin zirkulatu ahal izateko ez da behar inolako aseguru edo administrazio-baimenik.

Dagoeneko banku jakin batek patinete elektrikoen aldeko apustua egin du garraio eta mugigarritasun jasangarria bultzatzeko. Gainera, banku horretan uste dute langileen ongizatea eta bizitza kalitatea hobetuko dutela. Bada, diru-laguntzak eman dizkiete langileei patinete horiek eskura ditzaten. Dena den, behin halako neurriak bultzatzen hasita, akaso hobe litzateke bizikleta klasikoak baliatzea. Izan ere, ibilgailu elektrikoek pertsonak garraiatu besterik ez dituzte egiten. Eta berez egoneko lana izanez gero, garraiobide elektrikoek ezer gutxi lagun dezakete bizitza osasungarriagoa egiten. Hortaz, badirudi hobeto dela pedalei eragitea, betiere, bidegorrietatik zehar bada. Baina enpresek ibilgailu horiek erabiltzea sustatuz gero, zer-nolako eskubide eta eginbeharrak sor daitezke enpresarentzat eta langileentzat?

Printzipioz, auzitegiek adierazi dute patinetea garraiobide egokia dela bizilekutik lanera joateko eta lanetik bizilekura itzultzeko. Horrek berarekin dakar ibilbide horretan jasan daitezkeen istripuak lan-istriputzat jotzeko aukera. In itinere istripuez hitz egiten da.

Jakina, horretarako auzitegiek ezarritako baldintzak bete behar dira. Halatan, istripuaren arrazoi den joanaraztea lanera joateko betebeharraren ondorio izan behar da beti. Are gehiago, egoera hori babesteko bi osagai hartu behar dira kontuan, hots, lan egiteko lekua eta langilearen bizilekua, eta ibilbideak lotu behar ditu bi osagai horiek. Ideia hori abiapuntu, in itinere lan-istripuaz hitz egiteko ez da nahikoa istripua gertatzea lanera joatean edo lanetik etortzean. Izan ere, beharrezkoa da bizilekuaren eta lanaren artean kari bidezko lotura izatea. Halako kari bidezko loturarik izan ezean trafiko-istripua edo bestelako istripua izango litzateke, baina inoiz ez lan-istripua. Hori dela eta, jurisprudentziak dio istripu bat in itinere lan-istripu gisa kalifikatzeko aldi berean lau inguruabar izan behar direla. Egin-eginean ere, lau inguruabarron arabera aztertu behar dira patinete elektriko eta antzekoekin izandako istripuen norainokoa.

Lehendanaz, bidaiaren helburu nagusia lanak eragin behar du. Hortaz, patinete elektrikoak eta antzekoak enpresak berak jartzen baldin baditu baldintza hori erraz betetzen da.

Bigarrenez, istripua gertatu behar da bizilekutik lan egiteko lekura edo lan egiteko lekutik bizilekura heltzeko egin behar den ibilbide ohiko eta normalean. Auzitegi Gorenak adierazi du ibilbide hori ez dela zertan laburrena izan, baina inola ere ezin onar daitekeela luzeena eta zailena izatea, edo arrisku gehien dituena, salbu eta arrazoizko justifikazioa dagoenean. Esangura horretan, Asturiaseko Auzitegi Nagusiak 2016an adierazi zuen bizikletentzako bideak monopatinentzako galarazita egon arren, horrek ez diola kalterik egiten istripua lan-istriputzat hartzeari. Arean ere, kasu horretan bizikletentzako baino ez den bide hori erabiltzea administrazio-izaerako arau-haustea da, ez, ordea, zuhurtziagabekeria ausartegia edo larria, hain justu, geroago esango den bezala, istripua lan-izaerarik gabekotzat hartzeko behar dena.

Hirugarrenez, istripua gertatu behar da ibilbidea egiteko normalean behar den denboran. Bestela esanda, ibilbidea ez da aldarazi behar normalak ez diren desbideratze edo aldaketengatik, hain zuzen, interes partikularrak direla bide. Nolanahi ere, osagai kronologiko hori ez da hautsiko langilearen jokabidea elkarbizitzako ohiko joeren edo gizarteko jarrera arruten ondorio denean. Esate baterako, lagun batekin izandako elkarrizketak edo ohiko erosketaren bat egiteko desbideratzeak, ogia erosteko kasu, ez du hautsiko arestian aipatu kari bidezko lotura. Guztiz kontrakoa gertatuko da, ordea, baldin eta patineteak eta antzekoak erabiltzen badira bestelako ibilbide batzuk egiteko, entretenimendu bezala.

Eta, laugarrenez, ibilbidea garraio normalarekin egin behar da. Hain zuzen ere, aurrerago esan den bezala, auzitegiek adierazi dute patinetea garraiobide egokia dela. Gainera, enpresa bada beren-beregi sustatu duena bere langileek patinete elektrikoak eta an-tzekoak erabiltzea, egokitasun hori areago-tzen da. Alabaina, garraiobide horiek behar bezala erabili behar dira. Jurisprudentziaren ariora, garraiobidea behar bezala erabiltzeari dagokionez, ez da zuhurtziagabekeria ausartegirik izan behar. Beste hitz batzuekin esanda, ezin izango da in itinere lan-istripurik izan zuhurtziagabekeriaren larritasunak ondorioztatzen duenean langileak arretarik oinarrizkoena ere ez duela izan, eta, horren ondorioz, benetako arrisku-egoeran jarri duela bere burua, horretarako inolako arrazoirik izan gabe, hala nahita eta jakinda. Halaber, nabarmentzekoa da Kataluniako Auzitegi Nagusiak 2014an adierazitakoa, hots, patineteek eta antzekoek ez dituztela eragin behar traba edota arriskuak oinezkoentzako. Horrek berarekin dakar udal bakoitzak halako garraiobideekin zirkulatzeko arautegia onetsi behar izatea.

Esaterako, EAEko hiriburuei erreparatuz gero, Bilboko Zirkulaziorako Udal Ordenan-tzak ez du jaso inolako aipamenik patinete elektriko eta antzekoen inguruan. Seguru-asko 1999koa delako. Baina ezarri du bidegorrietan ezin dela ibili bizikletaz besteko garraiobideekin. Dena den, Bilboko Udalak, udaberri bukaeran kanpaina berezia jarri zuen abian, bizikleten, motorren eta ziklomotorren zirkulazioa kontrolatzeko. Eta horren harira gogorarazi zuen debekatuta dagoela edozein ibilgailu-motarekin espaloietatik zehar ibiltzea, esanbidez aipatuz patinete elektrikoak.

Gasteizeko Udal Ordenantzak debekatu du monopatin, patin eta antzekoekin errepidetik zehar ibiltzea, baina ahalbidetu du halakoekin ibiltzea dela espaloietatik zein oinezkoentzako guneetatik, betiere, garraiobide horiek motordunak ez badira eta horiekin oinezkoen erritmora joaten bada, dela bidegorrietatik zehar, dela errepideetan bizikletentzako bideratutako guneetatik zehar, baldin eta horiek balia-tzen dituztenak aldean badaramatzate homologatutako kaskoa eta ikusteko modukoak diren osagai islatzaileak. Antzeman daitekeenez, lege-hutsunea dago patinete elektroniko eta antzekoei begira.

Donostian, 2018ko abenduaren amaieratik arau iragankor bat aplikatzen da Mugigarritasun Pertsonalerako Ibilgailuentzat, harik eta udal ordenantza berria onetsi arte. Horren arabera, halakoek zirkula dezakete bizikletentzako guneetatik zehar, baina ez espaloietatik eta oinezkoentzako guneetatik. Patinete elektriko, hoverboard eta antzeko beste ibilgailuen kasuan, gehienez, 25 km orduko abiadura ezarri da, gutxienez 16 urte izan behar dira halakoak gidatzeko, eta ibilgailuok argiak eraman behar dituzte, aurrean zein atzean, bai eta freno-sistema ere. Segway eta jesarlekua daramaten bestelako ibilgailuen kasuan, gutxienez 18 urte izan behar dira eta, aurrekoen baldintzez gain, nahitaezkoa da homologatutako kaskoa eramatea eta gauez jantzi islatzaileak. Bestalde, agidanez, estatu-mailako gutxieneko arauketa onetsi nahi da. Ez da gutxiagorako. Estatuko Fiskaltzatik jakinarazitako datuen arabera, 2018an, estatu-mailan, halako ibilgailuek 203 oinezko harrapatu eta 5 hildako eragin zituzten.

Baina, arauketa hori izan arte, eta udal arauketarik ez dagoenean, badirudi 1428/2003 Errege Dekretua aplikatu behar dela. Horren arabera, monopatinek, patinek eta antzekoek ezin dute zirkulatu errepidetik, salbu eta eurentzako zati, bide edo gune bereziak daudenean zehaztuta; eta espaloietatik behar bezala seinaleztatutako bizitegi-kaleetatik zehar zirkula dezakete, baldin eta pertsonen erritmora badoaz. Hori berori aplikatu du, adibidez, Arabako Probintzia Auzitegiak.

Edonondik begira dakiola ere, garrantzitsua da halako garraiobideak bultzatzearen aldeko apustua egiten duten enpresek aplikagarri den arautegia ezagutzea eta euren langileak horren inguruan heztea. Jakina, langileek ere horren arabera jardun beharko dute. Halaber, lan-arriskuak prebenitzeari dagokionez, erabat zilegi da enpresek, banakako babes-ekipamendu moduan, langileak behartzea kasko homologatuak erabiltzera, nahiz eta kasuan kasuko arautegiak hori ez ezarri. Hain justu, horren inguruko ez-betetzeak behin eta berriro errepikatuz gero, kaleratzearekin zehatu ahal izango lirateke.

Arauketa egokirik ezean, anabasa izango da nagusi, eta oinezkoen lasaitasuna eta bakea hautsiko dira.