Bost izar
shanghai-en ginen, gauez, bertako etxe-orratzen argiekin flipatzeko prest, baina gerturatzen ari ginela, jende andana zegoela konturatu ginen. Hiru bat aste generamatzan Txina inguruan bueltaka, beraz jendez inguratuta egoteak ez zigun dagoeneko ez kezka ez larritasunik sor-tzen. Oporretan zaudenean oso gomendagarria da horrelako gauzak lasai hartzea, take it easy esango lukete nazioartean, erabil dezagun guk lasai eonai. Shanghaien geunden beraz, bertako Bund-ean pareko negozio guneari so egiteko gerturatzen, eta nola ez, bertako polizia masifikazio horretan ordena moduko bat ezartzen saiatzen ari zen, igotzeko eskuin, jaisteko ezker. Eskuinera jo genuen eta hantxe ginen gu, bi inurri milaka txinatar eta beste zenbait atzerritarren artean ibaiaren beste aldeko argi eta eraikinei begiratzeko prest, baina egia esan begiratu beharrekoari baino, jendetzari begira geratu nintzen ni, behiak trenari bezala.
Behiak trenari begiratzen dioten bezala kontzeptuak beti sortu izan dizkit barregura eta kezka aldi berean. Barregura oso erraz pentsa dezakedalako horrelako egoera batean, belaze zehatz bat, hiru edo lau behi pintto trenbideari begira, eta parean Renfeko aldirietako trena ezkerretik eskuinera, behiek haien keinua aldatzen ez dutelarik ibilgailuaren pasaeran. Badakite, nonbait, pareko horrek ez diela egunerokoan ezer aldatuko, eta segi bazkan. Kezkatzen nau ordea inguruarekiko interes falta horrek, baina eguna joan eta eguna etorri trena aurrera eta atzera baldin badabil, eta behin konturatuta ez dakarrela ezer berririk, normala aspertzea ere. Baten batek trenari Kataluniako tankera hartuko zion dagoeneko. Animalia gajoek ordea ez dute Kataluniaren berri, ez baitie momentuz bazkarik kentzen horrek.
Inguruko kezka falta hori orokortu ote den darabilkit buruan. Agian ez da kezka falta izango, baizik eta norberaren iritzia adierazteak ingurukoengan duen eraginaren beldur ote garen, hobeki esanda.. Argi dago denok ezin dugula gai berdinen inguruko interesa izan, eta lehen futbolari botatzen genion errua, gaur egun norberaren zainketa pertsonalak, fisikoak eta ez-fisikoak noski, izan dezake halako efektua, edo gehiegizko inplikazioak gure beste esparruetan eragin dezakeenaren beldurrak mozten dizkigu hegoak. Itxura mantendu behar da gainera. Honen aldeko agertzen banaiz beste harekin dudan harremana kaltetuko dit, eta alderantziz.
Gero eta garrantzitsuagoa bilakatu da itxura mantentze hori, adibidez sare sozialetan dabiltzanek tentu handiz aukeratutako argazki eta iruzkinak publikatu behar dituzte, denak min egiten baitu azkenaldian, denak du bigarren irakurketa bat. Segun eta zeini gustatu, propaganda ona izango duzu, eta bestela, lurperatu egingo zaituzte.
Txinara bueltatuz, han eguneroko bizitzan ezartzekotan omen dira jendearen jarrera eta joerak puntuz bozkatzeko aukera, jatetxe edo hotelei ematen zaizkien puntuak bezalaxe, baina gizabanakoei egokituz izartxoak. Black Mirror telesailak badu honen inguruko saiakera ederra, bidenabar, eta orduan bai izan beharko duela gure jarrerak momentu oro beste guztiek atsegin irizteko modukoa, eta ez da naturaltasuna galduko dela soilik, haserre-tzeko edo egun txar bat izateko eskubidea ere kenduko liguke horrek, bost izar eskuratzearen truke. Zuzentasuna berezko senaren aurka.