URTERO pasatzen da oharkabean Euskal Herrian inoiz eman den sarraskirik basatienetakoaren urteurrena. Gurean ere horrela pasa izan da betik, han amaren etxeko bi hil eta bat zauritu zituzten arren. Arratsaldeko lehen orduetan, 3-6 hildako utzi zituen hegazkinen erasoak Bilbon. Ondoren, jendetza presondegietako inguruetan pilatu zen sututa, erasoan. Carlton hotelean telefono deiak jaso zituzten kartzeletatik, egoera jasan ezina zen. Monzonek sozialistekin adostu zuen azken horien batailoiak joango zirela giroa baretzera. Erabakia okerra izan zen. Batailoi sozialistetako kideak bostak aldera iritsi ziren, baina berotuta eurak ere. Kar-tzeletako zaintzaileak sozialistak izanik, ateak zabaldu zizkieten, eta erasoari ekin zioten. Hiru ordu pasa eman zuten kartzelarik kartzela, ahal zuten oro hilaz, tiroka, aizkorakadaka, aiztoekin, granadak botata ziegetan, makilakadaka. Eromena gelditu zen Monzon eta Jaurlaritzako kontseilari batzuk iritsi zirenean; berandu. 225 lagun hil eta makina bat zauritu geratu ziren han, bonbardaketek Gernikan egingo zuten markaren parean. Gipuzkoan eta Bizkaian gerrako lehen egunetan atxilotutako 2.200 lagun inguru zeuden kartzela haietan. Arduradun politiko batzuk kenduta, jende xehea gehienak, adinekoak eta gaixoak asko. Ez zekiten zer egiten zuten han. Beste batzuk eragindako gerrak erabaki zuen baserri edo etxe honetakoak bando honetakoak zirela, eta pareko baserri edo etxekoak beste bando hartakoak: zu alde honetakoa, zu beste aldekoa; zu kartzelara orain, zu kartzela berera gero; zu horma kontran fusilatua gaur, zu bihar; gaur ona zena, gaiztoa bihar.

Gerrako lehen unetan Oñatin atxilotutako arduradun politiko tradizionalistek ihes egin zuten. Baten bat harrapatu behar haien ordez, eta gure amaren etxeko baserrira jo zuten. Gure aitajauna, haren anaia eta koinatua eraman zituzten, Bergarako kalabozoetara lehenengo, eta gero Larrinagako kartzelara. Hirurak nabarmentasun politiko barikoak ziren, herritar arrunten eguneroko zereginei emanak. Gure bi-aitajauna handik gutxira hil zen, bere buruari oratuz, dena nire erruagatik, esanaz. Haren errua Oñatiko alkate tradizionalista izatea, gure herrian Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua egin zenean. Horren ordaina ez zen makala izan. Haren etxekoak izate hutsagatik kartzelako patioan zeutzan bi hilda, eta gure aitajauna zaurituta.

Gertaeren ondorioz, tentsioak egon ziren EAJ eta Jaurlaritzaren artean, Monzonek bere dimisioa eman zuen, baina Agirrek ez zuen onartu. Hala ere, lehen egunetako joera gauzak isiltzea izan zen. Hurrengo eguneko Bilboko egunkarietan justu aipatu egin zen geratutakoa. Gerra ondoren, Agirrek eta Monzonek aitortu zuten behin eta berriz munduan zehar euren ardura. Monzonek, hainbat historialari zorrotzek, lekukok, agirik, nabarmendu zuten batailoi sozialistak izan zirela nagusiki erasotzaileak. Gerora Alderdi Jeltzaleak, hainbat historialarik, kronista politikok, sozialisten babesle modura jokatu dute. Horretarako anarkistei leporatu izan zaie ardura osoa, nabarmen gezurra dena. Aitzakia modura esan da frankistak zirela han zeudenak, nondik ateratzen dute hori? Buruzagi kolpistak ei zeuden, zenbat? Testuingurua ere erabiltzen da basakeria hura zuritzeko. Frankistak Gernikarekin gezurretan ibili ziren moduan, gezurrak asmatu zituzten. Alde bakarra da gaur egun oraindik ez dela zintzo hitz egiten kartzela haietan gertatutakoaz eta ardurez.

Ez zen ekintza isolatua izan Euskal Herrian. Presondegi bihurtutako itsason-tzietan 112 preso hil zituzten, hor ere batailoi sozialistak aitzindari, zaintzaile jeltzaleen pasibotasunaz baliatuz. 1936ko uztailaren 28ko gauean Donostiako Pasealeku Berrian fusilatu zituzten Tolosako kartzelatik ateratako hamalau euskaldun tradizionalista, sozialistek eta komunistek adostutako erabakia betez. Presondegietan (Ondarreta, Guadalupe) fusilatzeak ohikoak ziren. Joaquin Beunza, nafarra, Hondarribian fusilatu zuten 1936ko irailaren 4an. Eusko Ikaskuntzaren bultzatzaile eta sor-tzaileetakoa izan zen 1918an, urteak egin zituen hegoaldeko lau lurraldeen batasuna bultzatzen, Lizarrako estatutua defendatu zuen Alcala Zamoraren aurrean, Prieto sozialistak zapuztu zuen estatutu haxe. Eta horrela asko: Campionen ilobak?

Baina ez dago euskaldun, euskaltzale, haiendako oroitzapenik, horietako batzuk gero, garai ilun haietan, euren esku zegoena egin zuten arren heriotza-sumario edo heriotza-zigor arriskuan zeudenak babesteko, edo kartzelan zeudenen zigorrak arintzeko. Oroimenaz hitz egiten duten horiek ematen du gauza batzuei buruz amnesia ezarri nahi dutela. Besteei exiji-tzen dietenean aitortza, autokritika, egia, barkamen eskea, ukatzen dietenean testuinguruaren argudioa, gupida gabe ezar-tzen dizkietenean frankismo garaikoak baino kartzela zigor luzeagoak eta ankerragoak, oinazea arindu beharrean areagotzen ahalegintzen direnean, hain zaila egiten zaie esatea: gu izan ginen; guk ez genituen babestu; hiltzea gaizki egon zen orduan ere? Hain zaila da aitortzea norberak eragindako biktimak? Besteei kontuak hartzea hain gustukoa dutenek, ez lukete gaizki egingo euren eskuei begiratu eta onartuta ez daudela hain garbiak. Ala biktimak bakarrik dira besteek eragindakoak, eta preskribatzen dute, edo hasten dira konta-tzen, norberari komeni zaion unetik aurrera?* Filosofian doktorea