Errepublikaren etorrera maila guztietan baikortasun handiz hartua izan zen, eta heziketaren mundua ez zen salbuespena izan. Foruen aldeko mugimenduak euskal kultura eta euskararen nolabaiteko suspertzea lortuko du; bestalde, hizkuntza eta kultur arlo horretan ezagutza zientifikoak izugarrizko bultzada izango du, Arana, Azkue, Urkijo edota Campion bezalako pertsonaiek garrantzi aparta izan zuelarik; eta batik bat euskal nazionalismoaren sorrerak eta honek irakasle maketoen eskuetan zegoen gaztelaniazko irakaskuntzari egindako kritika zorrotza testuinguru honetan kokatu behar dugu Euzko Ikastola Batzaren esperientzia hau.

Euzko Ikastola Batzaren lanak duen baliorik handiena eskola baterako eraketari eta pedagogiazko ereduari dagokionean azpimarratzekoa da. EIBren informeak euskal hezkuntza sistema oso bat antolatzeko oinarri teoriko eta praktikoak ahalbideratu zituen. Euskal eskola haietan ematen ziren gaiak programa ofizialetan eskatzen ziren berdinak izaten ziren, zeren batxilergoan sartu aurretik gai hauen "ingreso" azterketa egin behar zuten. Baina honetaz aparte kurrikulumean beste gai berezi batzuk ere gaineratu zituzten, euskara, erlijioa, euskal geografia eta historia hain zuzen. Berezitasuna gai hauen antolamenduan zetzan, gaika egin beharrean era globalizatu batez irakasten zuten eta. Emakumeen partaidetzak, XX. Mendearen lehenengo epe honetan, egitura formalak -euskal eskolak-, ezformalak -poxpolin eta dantzari taldeak (nire amona horretan ibili omen zen), antzerki taldeak, euskal kulturaren inguruko lehiaketak...- eta formarik gabekoak -familiaren barruko ideologia nazionalistaren birsorkuntza- biltzen eta nahasten zituen heziketa lan erraldoi antolatu, gorpuztu eta burutu zuela esan daiteke. Emakumearen mugimenduaren azterketak ez dira, zoritxarrez, oso ugariak.

Emakume Abertzale Batzak (nire amona ere horretan) bere Manifiestoan aipatzen zituen helburuen artean espreski: euskal nazionalismoaren esana zabaltzea azaltzen zen, ongigite eta benefizentzia lanak garatzea eta kultur mailako ekintzak burutzea. Manifestu honetan agertzen diren eginbehar guztiak ez ziren indarrez azaleratuko Errepublikaren etorrera arte, Primo de Riveraren Diktadura bitartean Emakume Abertzale Batza legez kanpo egon zen eta. Baina 1931.tik aurrera emakume erakundeak izugarrizko hazkundea ezagutu zuen, egoera politikoak ahalbideratuta eta Errepublikak ezarri zituen Elizaren kontrako neurrien aurreko erreakzioen ondorioz. Polikarpo de Larrañagak ematen zituen datuen arabera Hego Euskal Herrian 28.500 emakume bazkide egon ziren (Bizkaian 15.000, Gipuzkoan 10.000, Araban 1.500 eta Nafarroan 2.000). Euskal hezkuntzari ari ga-tzaizkiola, emakumea gauzatu ziren heziketa maila guztietako hezle eta eragile agertzen zaigu, nazionalismoaren birsorkuntzarako ezinbesteko katemaila. Emakumeek, egitura sozio politiko batetan zeuden heinean eta eginbehar komun batek lotzen zituen neurrian, euren arteko komunikazio sare estu bat eho zuten.

Ildo honetatik, 50. hamarkadan Gipuzkoan eta Donostian bereziki sortzen den euskal eskola saioak Errepublika garaiko emakumeen komunikazio sarearen berragertzea eta orduntxeko eskola antolamendu eta ideologiaren azalpena ekarri zituen (bazeuden ere Gipuzkoarrak ez ziren beste batzuk, Julia Berrojalbiz, adibidez besteren artean). Horrela hitz egin dezakegu luze eta zabal emakume sutsu askotaz, Donostiarrak batzuen batzuk, hala nola, Elbira Zipitria, Maria Dolores Goia, Jone Forkada, Karmele Esnal, Kontxita Beitia laguna, Itziar eta Amele Arzelus, Belen Karrera, Eulali Aranburu...

Donostian sortzen den euskal eskola saioa ideologiaz zein egituraz gerraurreko nazionalismoaren edo abertzaletasunaren parametrotan zehaztu beharra dago. Eskola saio hauek gerraurretik izandako esperientziarekin antzekotasun handia azaltzen du maila guztietan.

"Etxe eskola" dei geniezaioke ikastola mota honi, etxe partikularretan eskaintzen baitzen hezkuntza mota hau. Donostiara mugatu zen bereziki "etxe eskola" eredu hau, andereñoaren etxean bertan eratzen zirelarik eskola txiki hauek. Andereñoaren papera, emakumearena zeregina, berriro ere nabarmentzen zen saio honekin. "Etxe eskola" hauek urteak joan eta urteak etorri ikastolak bideratuko ziren etorkizunean, asko elizaren magalean edo babesean. Xabiertxo liburuaren garaiak ziren... Xabiertxo liburua oinarri zuten, eta horrela munduaren ikuspegi tradizional bat lantzen eta ikasten zuten, erlijio eta familiaren garrantzia azpimarratuz, naturarekin lotutako edukiak landuz, kateari jarraipena eman nahiaz nekazaritza giroari erreferen-tzia egiten zioten testu eta marrazkiak. Geroago aldaketak, euskal gizartearen aldaketek izan zuten bai, hezkuntza alor honetan ere islarik. Normala eta logikoa.

Ondoren, geroago, urte batzuk aurrera, trafiko istripu baten ondorioz, 51 urtez, 1983. urtean Gabonetan eta Donostian hil zen beste emakume batek, Karmele Alzueta andreak, Hezkuntza ardurak beregain hartu zituen Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza zuzendari bezala, aurretik diktadura amaitu berria eta transitzio politikoa deritzanaren hastapenetan Consejo General Vasco delakoan hezkun-tza kargua hartu zuena hain zuzen. Oroimen eta errekonozimendurik zintzoena garai zailetan itxaropena mantendu eta zaindu zuten emakumeei, katea ez zedin eten esfortzu isila baina eskerga egiten ahalegindu ziren emakumeei. Jardun horretan beraien hoberenak eman zuten emakume guztiei. Demokrazian, kimu berritan eta Euskadin sinesten zuten emakume hauek luzatutako lekukoa gure eskutan hartuz jarrai diezaiogun ekinari asmoz eta jakitez. Euskal hezkuntza, euskal kultura eta euskara zuten xede eta helburu. Guk geuk ere.

Eta ezin aipatu gabe utzi gaur egun ere 2013ko Urrian, Isabel Celaá Sailburu ohiaren lekukoa hartuz, beste emakume batek, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkun-tza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailaren lemaren ardura zuzena duela eskutan Sailburu bezala, kontuan hartu beharrekoa betiere aipaturiko Sailak dituen sei Sailburuordetatik hiru, erdiak beraz, emakumeak direlarik, hain zuzen ere Arantza, Olatz eta Itziar. Zuzendarien artean ere emakumezko multzoa: Amaia, Miren Bego, Begoña, Klara, Ana Esther eta Mireia. Aurretik beste Sailburu emakume batek beregain zituen hezkuntza ardurak, Maria Angelesek hain zuzen. Gainera, EAEko hiru lurraldeetako Hezkuntza Ordezkariak, hirurak, emakumeak dira, Gemma, Blanca eta Ana Isabel. Ez hori bakarrik, Eusko Legebiltzarreko Legebiltzarkideen artean ohizkoa da Alderdi politiko ezberdinetako emakumeak izatea Hezkuntza gaiez jarduten dutenak, hala ikus, irakurri eta entzun ditzakegu, Jone, Garbiñe, Leixuri, Idoia, Natalia, Isabel, Belen, Rebeka edo Estitxu beste batzuen artean. Gaur eguneko maila eta mota guztietako ikastetxe eta Unibertsitate ezberdinen ardurak dituztenen artean ere emakumeak ugari daude, eta zer esanik ez hezitzaile, maistra eta irakasleriaren artean ere orokorrean, haurtzaindegietatik hasi eta Unibertsitateraino doan bide luze horretan zehar. Espainiako Kongresuan edo Senatuan euskal ahotsa hezkuntza gaitan daramaten Esther eta Rut Gauza bera gerta-tzen da hainbat Alderdi politikoetako hezkuntzaz arduratzen diren hainbat emakume burukide politikoekin. Berritzegunetako arduradun eta aholkulariekin gauza bera, emakumeak non-nahi; eta halaber Euskadiko Eskola Kontseiluaren buruekin, aurrekoa, Maria Luisa, eta oraingoa, Maite. Hainbat sindikatuetako hezkuntza arduradunekin ere antzeko zerbait. Eta barka, arren, handik ala hemendik, norbaitez ahaztu banaiz.

Emakumea, atzo eta gaur, maila eta zeregin ezberdinetako hezkuntza arduretan. Bai, egi borobila eta berdaderoa. Amaituko dut Leibnizen esaldi esanguratsu batez: "Oraingo denbora etorkizunaz ernari dago". Hala bedi, hori desio dut bihotzez eta benetan. Ziur onerako dela.

Etorkizun oparoa begi bistan.