Badira hasiera bateko berotasunaren inguruabarrean ziotenak, sareak, besteak beste, informazioa gizarteratzeko, barreiatzeko eta demokratizatzeko helduleku sendo bilakatuko zirela. Denboraren poderioz, ordea, zinez antzeman dugu sareen atzealdean interes ugari daudela, gutxi batzuen diru gosea eta iritziak moldatzeko gogoa ere bai. Horiek horrela, berdin dio zer publikatzen den, horrek jarraitzaileak izatea, publizitatea irenstea eta gutxi batzuen diru-zorroa loditzea badakar. Nago, are informatuago dagoen gizartea bainoago are ergelagoa den jendartea eraikitzen ari garela… Eta horretan irakurle, ikusle edo entzule bila audientziak haztea beste xederik ez duten hedabide batzuen arduragabekeria ere deigarria da.
Tren istripu larria gertatu da Espainian, dozenaka hildako eta zauritu eragin dituena. Bada, ustez istripua eragin duenari buruz jardun dute eta horretan ari dira askotariko iritzi-emaile eta kazetariak, hainbatetan, gaiari buruz, ideiarik ere ez dutenak eta, agintariei dieten gorrototik haratago, aurreiritzi eta zurrumurruei, hauspoa ez besterik ematen dabiltzanak. Norbaitek han-hemen esanikoak eta idatzitakoak jaso beharko lituzke, gero, ikertzaileek, gertaera argitzean, berriz entzun eta irakur ditzagun. Ea norbait, hedabide horien jabeak barne direla, lotsatzen edota autokritikaren bat egiteko gauza den. Nago edozer diotenek eta audientzia bila ari direnek, beste zeozerekin lehenagoko gehiegikeriak estali eta berdin antzean segituko dutela!
Bitartean, milaka eta milaka kilometro, ehunka milaka soldadura daukan sare bateko ustezko akatsaren erantzule gobernua egingo dute. Hala berean, tragediaren arrimuan, sarearen egoera tamalgarriaz eta mantenu faltaz hitz egingo dute sindikatu batzuek, nahiz eta, beharbada, halakoak esaten dituztenak urteak daramatzaten makina batera igo gabe eta ustezko gabeziak sareko beste nonbaiten ageriagoak diren… Sinesgarritasuna ematen zaie batere ez dutenei!
Badakit sareak bezala hedabideek ere jabeak dituztela, eta interesak, elikatu beharreko parrokia jakin bat. Badakit kazetariek ere iritziak dituztela, aldezten dituzten mugimenduak eta lehenesten dituzten berriak, hainbatetan, erabat minoritarioak edota kontrastatu gabeak izan arren. Garrantzia ematen zaie korronte eta albiste batzuei bilatzen dena ez delako informatzea, gizartea doktrinatzea baizik, eta kexatuko gara jendeak emeki-emeki bizkarra erakustea, posizio batzuetara irristatzea. Etikarik eta gutxieneko jarrera profesionala ez dauden tokietan zuloa egiten delako bizikidetzarako zorua eta zimentarria finkatu beharrean.