Duela zenbait hilabete, sasoi batean alkate izandako bat ari zen bere herrikide batekin hizketan. Halandaze, hurreratu nintzaienean, alkate izanikoak zera adierazi zidan: “Nik gobernatzen nuenean, batzuen aldetik dena zen manifestazioa, kontzentrazioa, kartelak eta bestelakoak. Gainera, horietako batzuek beste aldera begiratzen zuten kalean topo egiten genuen bakoitzean. Orain, beraiek gobernatzen dute eta gauzak are okerrago daude baina ez dago nik sufritu behar izan nuen egoerarik, dena bakean dago!”. Egoerak hausnartzeko gaia ematen du. Izan ere, batzuk oso oldarkor eta kritiko azaltzen dira besteekin; euren ingurukoekin, ordea, otzantasun erabatekoa erakusten dute. Berdin dio zer edota nola egiten duten, ez eta lanerako gogorik eta gaitasunik erakusten duten ere… Parrokiakoei dena barkatzen eta erantzukizunak arintzen zaizkie!

Ez gara konturatzen herri-erakundeetan jarduteko aukera izateak ate ugari irekitzen dituela, herritarrak erdigunean jarrita, askotariko zerbitzuak hobetzeko, osatzeko edo bestelako beharrizanei erantzuteko. Bitartekoak ugariak dira, ez nahi diren adinakoak baina daudenekin lehentasunak birdefinitzea eta bestelako zereginei ekitea ere badago, lanerako gogoa eta ideiak besterik ez dira behar, eta, espektatibak asebete ezin direnean, arrazoietan sakontzea ere komeni da.

Hainbatetan, polemika piztu ohi da herri-erakundeetan daudenek kobratzen dutenari buruz. Nago, halakoetan, demagogia merkea egiten dela eta indarra jarri behar dela arduradun bakoitzak dituen egitekoetan, bai eta egiten dituen ekarpenetan ere. Batzuen kasuan, gehiegizkoa izan daitekeelako kobratzen dena egiten duten ekarpenarekin alderatuta. Kontua ez da gutxi edo asko kobratzen den, zer eta nola egiten den baizik. Are gehiago, zailtasunen aurrean, kargudun bakoitzaren jarduna erabakigarria da, pertsona horren ezaugarriez eta gaitasunez berba egiteko heldulekua eskaintzen duelako.

Valentziako Generalitateko buruaren eta bere gobernuaren kontua sinestezina iruditzen zait. Berrehun eta hogeita zortzi pertsona hil dira utzikeria eta ganorabakokeria tarteko direla. Egun horretan, Valentziako agintariek ez zuten espero zen maila eman eta, hori larria izanda, are ulertezinagoa da inork inolako erantzukizunik bere gain ez hartzea. Generalitateko burua ez zegoen egon beharreko tokian, berak eta bere gobernuak herritarrak abandonatu zituen patuak zer aginduko, akaso, zetorrenak eragin zezakeena aurreikusia ez zutelako. Ondorioz, zeozertan hasi zirenerako berandu zen, kaltea eginda zegoen. Ondoko egunetan, Valentziako Generalitatea ere gainez eginda egon zen, shock egoeran. Nago une larrietan maila emateko gauza ez denak, erantzukizunak saihesten dituenak, ezin duela ezeren aitzindari, gidari izan, are gutxiago hondamendi osteko prozesuarena.