Edo, bestela esanda: “Bakea nahi baduzu, prestatu gerrarako”. Hainbatetan, Julio Zesarri egokitu izan zaio esaldi hori. Nolanahi ere den, egiazko egilea IV. mendeko Erromatar Inperioko idazle bat izan zen, Flavio Vegezio Renato, hain zuzen. Horrek, bere III. liburuaren berbaurrean, ondokoa idatzi zuen: “Igitur qui desiderat pacem, praeparet bellum”. Aipamena, historiaren barrena azpimarratu da sarritan, herrialde baten interesak edota osaera mehatxatu dezakeen nornahi iritziz aldarazteko politikaren ardatzetako bat bezala. Besterik da, askotan, armada indartu den bakoitzean, disuasiorako baino lurralde batzuen interesak gainerakoei ezartzeko helduleku ere bilakatu dela.
AEBko atzerri politikan sakoneko aldaketa eta biraketa ari da gertatzen. Sasoi bateko aliatuak bazterrean lagatzeko urratsak egin dira daborduko. Horiek horrela, Europak, AEBren partaidetzarekin, II. Mundu Gerraz geroztik ia egonkortuta izan duen egoera desagertze bidean da. Horrek, ezinbestez, kontinente zaharraren defentsa beste eskakizun batzuen inguruabarrean lantzea dakar, askoz era burujabeagoan eta, beraz, atzerri politika sendoagoa egiteko ateak irekitzen ditu.
Trumpek Errusia ikusten du, AEBren aurrerabidea helburu, askotariko lehengaiak eskuratzeko aliatu gisa; Txina, berriz, AEBren interes geopolitiko zein ekonomikoak mehatxatu ditzakeen bakarra da. Izan ere, Txinak, lehengaiak bainoago, askotariko produktuak nahikoa merke ekoizten eta mundu osoan barreiatzen ditu. Ez hori bakarrik! Urteetan, balantza ekonomikoan izan duen superabitaren zati handi bat lurralde aberatsetako zorra erosteko, munduko enpresa estrategikoetan tokia hartzeko eta, bere interesak, bereziki, Itxaso Horian eta Txinako Itxasoan, gainjartzeko asmoz, armada modernizatzeko eta indartzeko baliatu ditu.
Europa txikira jokatzen aritu da. Orain, ahaide nagusiak abandonatu du, popa bistan eta Errusiaren interesen mende geratu da. Inoizko egoerarik zailenean dago Europa… baina, aldi berean, aukera handia ere bada, atzerri politika bateratuagoa eta indartsuagoa abiarazteko. Hala berean, abagunea ere bada, bertako industria militarra indartzeko eta, beraz, alor horretan ere, AEBren mendekotasuna arintzeko. Kontua da AEBri, Errusiari eta Txinari ez zaiela Europa indartsurik interesatzen, eta mutur banatan, populismoan murgilduta dauden alderdiei ere ez! Eta horixe da egin beharreko hautua, Europa indartzea edo Europaren gainbeherara lerratzea .