Hasiak gara Trumpen erabakiak nonahi antzematen: merkataritzan, gutxiengoekiko jarreretan, migratzaileekiko zein atzerri politikan eta abar. Horiek horrela, lehenengo agintaldian abiarazitako merkataritza gerra berrindartzeko eta areagotzeko erabakiak hartu ditu. Helburua da, besteak beste, merkataritza balantza orekatzen ahalegintzea, askotariko gaiak AEBan sortzea eta barne enplegua sustatzea eta abar. Ondorioz, galtzeko dituenak ez dauka beste aterabiderik AEBko presidentearen nahikarien aurrean amore ematea baino.
Halaxe gertatzen ari da Mexikorekin, Kanadarekin, Panamarekin edota Kolonbiarekin ere. Alabaina, hasiera besterik ez da, Trumpek ikasi duelako mehatxuen bitartez hurkoak mendean har ditzakeela. Ikuskizun dago Txinarekin zer gertatuko den, herrialde esanguratsua izateaz gain, lurralde hori delako, besteren artean, Errusiaren sostengu garrantzitsuenetarikoa, egun irekiak dauzkan auzietan.
Helburuak zein moduak arbuiagarriak irudituko zaizkigu baina, nago, presidentearen boto-emaileei ez diela aparteko kezkarik eragingo. Gizatasun eza islatzen du migratzaileak atxilotzeari eta deportatzeari ekin dionean; Venezuelako diktaduratik ihesi joan direnak babesik gabe utzi dituenean; gizatalde batzuekiko herra eta mespretxua erakusten dituenean; aliatuak, gizarte politiketan bainoago, defentsan are gehiago inbertitzera behartu nahi dituenean, edota, nazioartean, jende kopuru handi bati bideraturiko giza laguntza murrizteari ekin dionean… Baina presidentea ari da bere agenda gauzatzen.
Groenlandiako kontua barregarri irudituko zaio askori. Atentzioa eta kezka, ordea, beste kontu batek sorrarazten du, AEBren interes ekonomikoek, militarrek zein geopolitikoek beste lurralde bat azpian hartzea baimentzen/justifikatzen duela, hain zuzen. Beraz, ez dago araurik edo mugarik AEBren interesak ororen gainetik daudelako.
Hainbatetan galdetzen diot neure buruari zertan ez den asmatu, lurralderik indartsuena, halako jende eskasaren mende geratzeko, bai eta bere altzora horrenbeste askogurako eta alproja arrimatzeko ere. Nola liteke gizamaila ertainaren eta txiroaren zati esanguratsu batek halako jende-moduaren aldeko apustua egitea, ezer onik ekarriko ez dienean… Eta horra hor, estatuaren gizarte politikak ezerezean utzi nahi dituztenak, ahalik gutxien ordaintzeko ahaleginak egiten dihardutenak eta, estatuaren kontura, are gehiago aberasteko eginahalak egiten ari direnak kabitu ezinik daudela. Inoiz konturatuko da jendea halakoetatik ezer onik ezin daitekeela espero?