Gero eta sarriago, migratzaileen inguruan halako mezu ezkorrak barreiatzen ari dira, aurreiritziak hedatzen eta indartzen dituztenak. Laguntza publikoak modu desegokian eskuratzen dituztela, bestelako gizataldeek ez dituzten eskubideen jabe direla, gizarte- zerbitzuak zamatzen dituztela, gure artean suertatzen diren delitu askoren eragile direla eta abar. Uste dut sasoiz gaudela erronkak, arazoak eta konponbideak eztabaiden erdigunean jartzeko, eta, hausnarketa hori, guztion artean, bereziki, migratzaileak barne direla, egiteko.

Batetik, justua ez ezik, gizatasunaren adierazle ere badelako, migratzaileak integrazio-bideen protagonista bilakatzea garrantzitsua delako. Bestetik, denbora laburrean, biztanleriaren ehuneko hamarra izatera iritsi direlako eta datozen bi hamarkada pasatxoan gure biztanleriaren herena izatera iritsi daitezkeelako. Azkenik, migratzaileak izango direlako gure gizartearen sektorerik dinamikoena, gazteena eta ugalkortasun-tasarik handiena daukana, besteak beste. Beraz, aukera gisa begiratu behar diogu kontuari, mehatxu gisa antzeman beharrean.

Herri bezala komeni zaigu migratzaileen autua ondo kudeatzea. Horretarako, behar diren eskumenak aldarrikatuz eta eskuratuz, besteak beste, estatua ez dabilelako ondo kudeatzen ari. Migratzaileen kontua ezin muga daiteke Europan eta Espainian kuotak banatzera, nahiz eta hori ere garrantzitsua den, estatuan badirelako hainbat erkidego gainezkaturik daudenak, beste batzuk, Espainiako Gobernua barne dela, beste aldera begira dauden bitartean. Harrera-politika egoki batek oso kontuan hartu behar du artatu ahal diren migratzaileen kopurua, besteak beste, harrera horrekin batera besteko zerbitzuak ere ahalbidetu behar direlako, esate baterako, Osasunaren, Hezkuntzaren, hizkuntza eskuratzearen eta abarren arloan.

Uste dut pedagogia soziala egitea komeni dela, errealitateak eta pertzepzioak batera joan daitezen. Ezin ditugula anekdotak lege bihurtu, boluntarismoa ere gainditzea komeni da, bai eta gehiegizko pisua eskubideetan jartzea ere. Nago, azpimarratu behar dugula gure artean direnek sistemari ekarpen are handiagoa egiten diotela jasotzen dutena baino. Uste dut, lan merkatuan integratzeko eta bizi proiektu bat egin ahal izateko prozedurak behar ditugula arindu, hori egin ezean, geroz eta jende gehiago izango dugulako lan- baldintza eskasetan eta egoera zaurgarrian… Nago migratzaileek pisu handia duten espazio publikoak behar ditugula arnasberritu, zaharberritu eta azpiegitura egokiez hornitu. Pentsatzen dut adin txikikoak artatzen ditugularik, adinez nagusi izatera iristen direnean, ezin ditugula besterik gabe abandonatu eta, integrazioa edo gizarteratzea gertatu bitartean, ondo-ondoan egon behar dugula. Finean, politika publikoak behar ditugu birpentsatu eta helduleku berriak sortu eta, horrexetarako, eskumenak gure herri-erakundeek izatea eta kudeatzea ezinbesteko kontua da.