Akaso, mendizale batzuen kontua izango da. Gailurrerako bidean, bidea luzeegia eta nekagarria suertatzen zaizunean, atzera begiratu ohi da biderik luzeena egin duzula ohartzeko, geratzen den bidea laburragoa dela konturatzeko eta eginkizun dagoenari indar berriz ekiteko, birikak haize berriz betetzeko. EAJ alderdiari doakionez, halaxe ikusten dut egungo egoera. Halandaze, interes berezia dago batzuen aldetik krisia edota gainbehera bezalako berba interesatuak erabiliz egoeraz mintzatzeko. Izan ere, baitira askotariko interesak EAJ alderdia ahultzea nahi dutenak, dela Espainiako Gobernuari emandako babesak PP alderdiari aukerak ezabatu dizkiolako eta nolanahi ordainarazi nahi zaiolako, dela abertzaleen arteko norgehiagokan erakundeetatik kanpo egon den korronteak lehenengo indarra izatea desiratzen duelako, dela ustez ahulago den alderdi batek egin ditzakeen eskakizunak apalagoak eta adostasunak merkeagoak suerta daitezkeelako eta abar. Baina desirak eta errealitatea ez dira nahastu behar.

Iraganari begiratzen badiogu, ehun urte pasatxoko ibilbidean, denbora luzean egon da EAJ alderdia debekatua. Hala berean, milaka eta milaka alderdikide izan dira demaseko nahigabeak pairatu behar izan dituztenak: heriotza, erbestea, jazarpena, kartzela eta abar. Baina gaur arte, bai eta etorkizunean ere, Euskal Herriaren eta euskal herritarren zerbitzura dagoen alderdi honek beti izan du argi bere egitekoa: herri bat egituratzea, iraunaraztea, biziberritzea, munduko herrien plazan lekua eta aitortza izan ditzan lan egitea eta gure herritarren baldintzak etengabe hobetzen saiatzea ere bai. Gure hizkuntzaren, kulturaren, ekonomiaren, herri eta hirien eraberritzearen, egun bizi dugun ongizate ereduaren atzealdean, nagusiki, EAJ alderdia egon da, eta, hori nonahi azpimarratu, esplikatu eta balioan jarri behar den kontua da.

Bistan dena, bidean, gauza on ugari, bai eta hanka-sartzeak ere egin dira. Apaltasunez, ni nago lehenengoak nabarmen askozaz ugariagoak direla bigarrenak baino eta, jakitun naiz, gure herriaren bilakaeran, inolaz ere maila bereko ekarpenik egiteko kapaz izan ez direnak etengabe saiatzen direla alde kalterakoak azpimarratzen. Horiek ez ditugu inoiz konbentzituko bestelako helburuak baitituzte. Alabaina, ondo egindakoetatik ez eze, txarto egindakoetatik ikastea ere komeni da.

Mendizale baten antzera, gailurrera iristeko egin beharreko bidea ondo zedarritzeko, gure gizartearen egungo arazoetan, aukeretan, indarguneetan eta etorkizuneko bilakaeran sakontzea eta diagnostikoan asmatzea hil ala bizikoa da. Gaizki egindakoetatik ondorioak ateratzea eta zuzentzeko erabakiak hartzea, alderdiaren funtzionamendua bizkortzea erabakigarria da baita ere. Sinetsita nago asmatuko dela, dugula! Iraganean, gure aurreko belaunaldiek asmatu zuten bezala. Baikorkeriarik gabe baikorrak izatea, harrokeriarik gabe egindakoengatik harro azaltzea, erronkei ihes egin gabe lanerako prestutasun osoa erakustea, konpromisoa eguneratzea, gaizki egindakoak ere apaltasunez onestea, herri erakunde guztiak norabide berean lanean jartzea da kontua... Gure herriaren burujabetza, garapena, biziberritzea eta gure herritarren ongizatea jomugan, gailurrerako bidean.