Hurbilen ezagutzen dugun kontinentearen historiari begiratua emanez gero, ohartuko gara mendeetan, estatuen bilakaera, mugak zein eragin eremuak oso aldakorrak izan direla eta eboluzio hau ez dela inoiz bake bideak tarteko bideratu. Horiek horrela, pasa den mendean, Europa eta Europako potentzia nagusien interesak izan ziren bi mundu gerren ernamuin, sekulako triskantza eragin eta milioika pertsonaren bizitza galarazi zutenak; gehitu horri zauritutako pertsonen alimaleko kopurua, gehien-gehienak zibilak zirela, hildakoak baino askozaz gehiago... Bi mundu gerra horiek munduko estatu askoren mugak aldarazi zituzten, batzuk desagertzera kondenatu, sakabanatu eta estatu gehiagoren sorrera bultzatu. II. Mundu Gerraren ostean hartutako zenbait erabakik arazo iturri izaten segitzen dute oraindik, horietako bat Palestina zatitzeak sorrarazitako aferak.

Nolanahi ere, II. Mundu Gerraren ostean, aurrez aurre egon ziren Europako estatu nagusien artean, ekonomiaren eremuan egituraturiko aliantzak, gerora, Europar Batasunaren sorrera ekarri zuen. Batasun horrek ahalbidetu du Europak bakealdirik luzeena izatea, nahiz eta aldi horretan, bestelako gatazkak ere suertatu diren, esaterako Jugoslaviaren zatiketaren ondoren, Georgian, Ukrainan eta abar. Halakoetan, behin baino gehiagotan, Europan, zaila izan da irizpide bateratuekin jokatzea, besteak beste, Europako estatu batzuek historian zehar lurralde batzuekiko izan dituzten loturak direla eta.

Abertzaletasun demokratikoak hasieratik bultzatu du Europar Batasunaren aniztasuna barruratzen duen egitura, demokraziaren sostengu indartsu, gatazkak onbideratzeko eremu eta, gizarteek aurrera egin ahal izateko lankidetza-esparru gisa. Egia da bere sorreran eta bilakaeran, estatuen interesek galga jarri diotela batasunaren garapenari, arlo sozialean zein ekonomikoan, bai eta gutxiengoen eskubide zibilak, politikoak, linguistikoak eta kulturalak tarteko egon direnean. Alabaina, Europaren altzoan aurreratu dugu gai ugaritan gehien, gabeziak ere bistakoak diren arren.

Europa kontraesanez beteriko eremua bilakatzen ari da. Batetik, Europan sinesten ez dutenak, batasuna ahuldu edo desegin nahi dutenak geroz eta indartsuagoak dira. Bestetik, herritarrek oso urrun ikusten dituzte Europako erakundeak eta, horrek, desafekzioa eta bizkarra erakustea dakar herritarren aldetik. Azken horrek xaxatzen ditu batasunaren kontra ari diren mugimenduak, eta errazten du gero eta itzal eta babes gehiago izan dezaten. Europa berrindartzeko eta erakundeak herritarrengana hurreratzeko berebiziko ahalegina egin behar da, politika publikoak bene-benetan europarren mesedetan jarriz. Europan behar dugu gure tokia izan, tokiko gobernuek behar dute egiazko eragina eduki, horiek ezagutzen dituztelako ondoen herritarren kezka zein beharrizanak... eta estatuei, horien artean Espainiari, adierazi behar diogu ozen eta irmo, ezin dutela Europa baliatu gure eskumenak eta gure autogobernua murrizteko, bidenabar, estatua Europaren aurrean berrindartzen ahaleginduta.