Den-denak okerrera egin duela diotenen aurrean, badago egon galdera bat erantzunik jaso ez duena: noiz egon dira gure zerbitzuak orain baino hobeto? Eta katastrofismoaren bozeramaileek zer-nolako esku-hartzea izan dute ‘inoiz baino hobeto’ egote horretan? Hain zuzen ere, ikusmolde batetik aztertuz gero, inoiz ez dira horrenbeste baliabide jarri zerbitzu publikoetan. Inoizko gehien inbertitzen ari gara, besteak beste, hezkuntzan, osasun zerbitzuetan, nagusiak helburu dituzten askotariko zerbitzuetan, ahulenak babesteko politiketan eta abarretan. Hainbat arlotan, aurrendariak gara estatuan eta aurrenekoen postuetan gaude Europako eskualdeen artean. Jakin nahi nuke estatuko ezkerrak gobernatzen duen tokietan halako politikarik, eredurik, inoiz abian jarri den. Hala berean, baten batzuek katalanen hauspoa eta laguntza bilatzen dutenez gero, zergatik ez ditugu Kataluniako eta Euskadiko ereduak alderatzen? Beti egongo da zer ikusi eta zer ikasi... baina, nago, hemen egindakoetatik hainbatek gehiago dutela ikasteko eta kopiatzeko, Espainiako Gobernuak zenbait politika publiko abian jartzerakoan, bertoko erakundeetara deika, eredu bila, kopiatzeko asmoz aritzen denetan bezala.

Inolako ekarpenik egin ez dutenen adierazpen suntsitzaileen aurrean mukertu egiten naiz. Gure ongizatearen oinarria askotariko izaera duten enpresek, bereziki, ertain eta txikiek, autonomoek zein bestelakoek sostengatzen dute. EH Bilduren industria politika hutsala da... eta, gehienez ere, lehendik dagoen halako funts subiranoa indartu dadin proposatu dute, ez besterik. Alabaina, horren atzealdean dagoen ikuskera ez da enpresen ondoan egotea, jarduna nazioartekotzea eta indartzea, eremu pribatua albait gehien kontrolatzea baizik. Esku-sartze horrek ez du gure ehun ekonomikoa indartzea ekarriko, eragingarriagoa izan dadin bilakatuko, indargeagoa baizik, enpleguari eusteko funts publikoen emaria neurririk gabe hazita... Ikuspegi bera dago zerbitzu publikoei buruz ari garenean. Ez dago proposamen zehatz bakarra erronkei erantzuten diena, ezpada, baliabide ugariago jartzea, dagoeneko egiten den moduan, bere horretan, egiten jarraitzeko baino... Jakina denez, eredu horri heltzeko ez dago beste biderik gizartearen gehiengoa zergen bidez itotzea baino, hau da, gizartea txirotzea baino.

Azkenaldion entzuten ari naizen ateraldien artean, badago beste bat atentzioa deitzen duena. Mediku faltari aurre egiteko, gure lurraldea behar dugu erakargarri bihurtu. Pentsatzekoa da lan-baldintzak are hobeak izatea izan litekeela erakartzeko heldulekua… Esan nahi dut, nora iristeko prest gaude? Eta medikuen faltari aurre egiteko, bereziki, Espainiako beste erkidego batzuetatik profesionalak erakarri nahi badira, horrek ez ote du erkidego horietako medikuen falta larriagotuko? Zer diote horri buruz alderdi popularrak, sozialistek edota ERC alderdiak gobernatzen dituzten erkidegoetako buruek? Eta zer esan etxebizitza-politikari buruz? Onarturiko legeak, dena onbideratu behar zuenak, zenbat etxebizitza eraikitzea, zenbat etxebizitza alogeran jartzea ahalbidetu du? Bada sasoia ateraldietatik errealitatera jauzi egiteko, herritarrak lerdoak direla eta edozer irensteko prest ez daudela barruratzeko.

Gure herriaren bilakaera baikorraren, eguneratzearen, modernizatzearen, puntako zerbitzuz zuzkitzearen eta abarraren atzealdean, abertzaletasun demokratikoa egon da beti eta badago orain! Egunerokotasunetik, errealitatetik, abertzaletasun demokratikoari emandako sostengua eraberritzea ez da beldurrari men egitea, arduraz jokatzea baizik, egindakoetatik ikastea eta egin beharrekoei indar berriz ekitea tokatzen delako!