Hedabideetan barreiatzen diren askotariko berriak irakur-tzean, duela hamarkada batzuetako girora egiten dut jauzi; orduan ere dena zen arazo, kritikagarri. Batzuen aburuz, guztiari eman behar zitzaion buelta handi xamar bat, enpleguak, hezkuntzak, osasun sistemak, euskalduntzeak eta abar luze batek ez zuen eta funtzionatzen. Gizartea borborka jartzea komeni zen, agintean zeudenen zilegitasuna zalantzan jartzea, higa-tzea bilatzen zen, beste norbaitek gauzak hobeto egingo zituelakoan... Orduz geroztik, urteak igaro dira. Alderdi bakoitzak, maila bakoitzean dituen ardurak eta aurrera eraman dituen politikak aztertuko balira, aise ohartuko gara alternatiba hartu nahi zutenak, ez dutela ustezko aukerabide hori politika zehatzetan islatzea erdietsi, akaso, indarrean daudenak, hainbatetan, esaten dena baino aurrerazaleagoak direlako.

Irakaskuntza pribatuan eta publikoan egiten ari diren aldarrikapenak alderatuko balira, kasurako, badira zenbait aldarrikapen erkideak direnak, bai eta kontraesankorrak direnak ere. Sindikatu batzuen arabera, irakaskuntza publikoa lehenetsi eta baliabideak horretara bideratu behar dira. Hala berean, jaiotze-tasaren jaitsieraren ondorioz, sistema publikoko enpleguari eutsi behar zaio, besteak beste, ratioak jaitsiz eta irakaskuntza pribatuaren pisua murriztuz. Aldi berean, sindikatu ia berberak ditugu irakaskuntza pribatuan diru-baliabide gehiago eskatzen ari direnak eta enpleguari oratu behar zaiola diotenak. Bi-biak ez dira posible, areago gurasoek sarea eta eredua hautatzeko eskubidea baliatzea izan dezaten nahi bada.

Badirudi ia zerbitzu guztien titularra administrazioak izan behar duela. Hori horrela, eskoletara ikasleak eramaten dituzten autobus zerbitzuak berak ere publikoa izan behar du... Beste horrenbeste aldarrikatzen da enpresa pribatuek administrazioarentzat lan egiten dutenean. Halakoetan, muga ez dakit non eta nola jar daitekeen. Printzipio berari segituz gero, pentsatzekoa baita obra publikoren batean lanean diharduenak maila bereko aldarrikapenak egin ditzakeela... Kontua da, zenbait sektoretan etengabe aldarrikatzen direla administrazio publikoetako lan-baldintzak, halakorik tokatzen ez denean ere bai.

Hamaika arrazoi omen dago greba egiteko. Eltze horretan, hizkuntza-ereduak; zerbitzu publikoak lehenestea; soldatak neurririk gabe gehitzea; baldintzak are gehiago hobe-tzea; estatuak, enplegatu publikoen soldatak-eta erabakitzeko daukan eskumenaren gainetik bestela jokatzea eta abar luzea sartu dira. Uste dut den-denak ez direla maila berekoak eta komeni dela banan-banan bereiztea, bestela, normala da pentsatzea bestelako interesak eta lehentasunak daudela halako greba eta aldarrikapenen atzealdean.

Hemen gutxiengoan dauden sindikatuak prest daude administrazio publikoetan adosten direnak estatukoen gainetik jar-tzeko eta onesteko? Alderdi politikoak bat datoz aldarrikapen guztiekin eta, ondorioz, prest daude gobernatzen duten erakundeetan aldarrikapen horiek gauzatzeko? Alderdi horiek prest daude Gasteizen ez ezik, Iruñean eta Madrilen ere neurri bereko erabakiak hartzeko? Edo itxurak egitea, ezinegona sortzea da kontua, horrek halako onura elektorala ekarriko dielakoan! Gero, gauzak bere horretan uzteko, inolako urratsik ez egiteko, hainbat udaletan eta erakundeetan gertatu den bezala, hori bai, inork mobilizaziorik sustatzen eta bultzatzen ez duela. l