Hainbatetan, hezkuntza bilakatu nahi izaten dugu gure ezintasun eta arazo ugariren konponbide, bai eta itxaroten dugunera iristeko zimentarri ere. Nago errealistagoak izan beharko genukeela eta partekatutako helburuen peskizan, gizartearen gehiengo baten ahaleginaren premia ere azpimarratu beharko genukeela. Kontua da hezkuntzak dena ezin dezakeela, nahiz eta egun egiten duena baino gehiago egitea baduen. Duela hogei urte baino diru-baliabide gehiago baliatzen dugu; ikasmaterialetan asko aurreratu dugu; irakasleen prestakuntzako aukerak ugariak dira; irakasle gazteek, ustez, prestakuntza handiagoa dute; irakasle bakoitzak artatu beharreko ikasleen kopurua murrizten ari da, beraz, pertsonalizatuagoa den hezkuntza bideratzeko gero eta aukera gehiago dago eta abar luzea... baina emaitzak ez dira hobetzen ari… Uste dut egoerak sakoneko gogoeta eskatzen duela, kanpoko eta barruko faktoreak aurreiritzirik gabe aztertuz.

Zer jazotzen ari da hezkuntza bikaintasunetik aldentzen joateko? Beharbada, familiek gazteen hezkuntzarekiko sasoi batean zuten kezka eta ardura arindu egin da eta eskolaren bizkar laga da erantzukizun osoa. Eskolak ezin ditu balioak landu, aldi berean, etxean, baloreak ez badira lantzen eta partekatzen. Eskolak ezin du gure gizartea euskaldundu, ahalegin horretan, gizarteak, bereziki, erantzukizun politikoak eta sozialak dituztenek dagokien ekarpena egiteko, itxurakerietatik haragoko jarduna erakusten ez badute. Horren urruti iritsi da gure itxurakeria, gure txepelkeria, non beste batzuek Europan gure hizkuntza aitor dezaten bilatzen dugun; hemen, ordea, euskarari prestigio eta ikusgarritasun handiagoa ematea gure esku dagoen arren, ingelesezko berbak erabiliz bataiatzen ditugu, besteak beste, askotariko azpiegiturak. Patetikoa eta erridikulua! Euskara maitatzen dutela diotenek euskara maizago eta jantziago baliatuko balute, beste kuku batek joko liguke!

Akaso, hezkuntzara hurreratu diren eta ari diren hainbatek ez dute hezkuntzan jarduteko bokaziorik, beraz, ondo dago profesional horien lan baldintzez kezkatzea, baina abiapuntuko egoera horri ere heldu beharko genioke, bizitasunik, enpatiarik, gogorik zein ilusiorik transmititzeko gauza ez den hezkuntza-eredu batek ezin duelako funtzionatu. Apika, hitz egin beharko genuke gure hezkuntza-administrazioaz, Espainiakoaren oso antzekoa dena, berdina ez esatearren. Hor ere joerak ugariak dira, zurruntasunak eta aldaketa orori jartzen zaizkion galgak ere bai... Hezkuntza ez da hobetuko hezkuntza-administrazioa bera eraberritzeko eta gaurkotzeko urrats sendorik ematen ez bada. Hori ere faktore garrantzitsua da, baina ez bakarra.

Euskarazko eredua orokortzeaz eta indartzeaz hitz egiten da; segregazioaren kontuaz ere bai; eskola-sareen arteko lehiaz eta, lehia horretan, sare publikoa lehenetsi beharraz; segregazioarekin amaitzeaz, nahiz eta oso eztabaidagarriak diren hainbat baieztapen abantailak lortzeko proposatzen diren, ez besterik; eskolaz kanpoko jarduna euskaraz antolatu beharraz eta abar. Beharbada, komeni da sasoi bateko soziolinguistek adierazitakoa gogoraraztea: baldintza txarrak, are eskasagoak zirenean, etxeko suak iraunarazi zuen gure hizkuntza, bai eta bestelako hezkuntza-eredua ere bizirik. Horiek horrela, baldintzak aldatu zirenean, goiko ahalegina eta behetik zetorrena uztartzean, ondorio gisa, euskararen eta gure hezkuntzaren goraldia ekarri zuten. Oker dago goitik beherako dinamiken mirarian sinesten duena... Gero eta motelagoa den etxeko sua elikatzeaz ahaztuta.