Zientzialariek urteak eman dituzte lurra berotzen ari zela esaten eta, neurriak sasoiz hartu ezean, deskarbonizatzearen aldeko apustu sendorik egin ezean, kliman aldaketa esanguratsuak gertatuko zirela... Baina entzungor egin diegu abisuei eta ezer gertatuko ez balitz bezala aritu gara zezenak harrapatu gaituen arte. Horri, Errusiak Ukrainari eraso egiteak sorrarazi duen egoera gehitu behar zaio. Hala, erregaien arloan Errusiak hartutako neurrien ondorioz, Europako lurraldeak dagoeneko hasi dira bazter batean uzten ari ziren energia-iturriak –are kutsagarriagoak direnak– berriro erabiltzen. Egiatan, egoera hori behin-behinekoa izan daiteke, baina ez dago jakiterik zenbat denbora iraungo duen eta, nolanahi ere, egoeraren larritasuna areagotzen ari da urtetik urtera.

Beroaldiak izango ditugu gero eta sarriago eta luzeago, bai eta sikate-aldiak ere. Eskura dauzkagun baliabideak are hobeto eta eraginkorrago erabiltzea galdatzen digu, lurrarekiko eta urarekiko ikuspegia egoera berrira egokituta. Eta eremuak okupatzen segitu ordez, lurrak berrerabiltzeko eta lehengoratzeko politikak behar ditugu bizkortu, paisaian behar dugu eragin, baso-politikak datozen hamarkadetara egokitu behar ditugu... bai eta uraren gehiegizko erabilera murriztu ere, esate baterako, etxe bakoitzak igerileku propioa izateko modari eta uraren emaria agorrezina delako usteari mugak ezarrita.

Alabaina, klimaren aldaketaren ondorioak arintzen eta zelanbait konpontzen saiatzeaz batera, energiaren kontsumoaz ere gogoeta egin behar dugu. Egun kontsumitzen dugun ia dena kanpotik ekartzen dugu, dela gasa, dela petrolioa, direla bestelako hornidurak. Gure bizimoduak eta gizarte-garapenak lotura estua dauka kanpotik ekartzen dugunarekin… eta mendekotasun horrek dakarren guztiarekin. Horiek horrela, ezinbestekoa da energia-trantsizioa nola egin nahi dugun gogoeta egitea eta adostasun zabaletara iristea. Eta gogoeta horrek ezin du, bihar, gure mendekotasuna areagotu; aitzitik, arintzeko moduak ere bilatu behar ditu, besteak beste, energia-iturri propioak bilatzeko, sortzeko eta birsortzeko aukerak ugalduz.

Trantsizio horretan gure lurraldean dauden aukera urriak behar ditugu ustiatu, jakitun izanik bestelako ahaleginak ere egin beharko direla, kontsumoa murriztuz, eraginkortasuna bilatuz edo autokontsumoa sustatuz, besteak beste, industriaren eta herritarren artean eta abar. Gure lurraldea ez baita Islandia, eta ez ditu aukera berdinak uharte horrek inportatzen zituen erregai-fosilen kontsumoari bizkarra erakutsi eta energia berriztagarrien norabidean trantsizioa egiteko... Baina guk ere baditugu aukerak, mendekotasuna arindu eta ekonomia berdearen norabidean aukera berriak sor ditzaketenak, beraz, errealismoa, borondatea eta adostasuna dira aldi berrian uztartu behar ditugunak!