Azkenaldian bururik gabe bezala nabil, eta egia esan, ez da metafora huts bat. Goizak kaosa dira. Bi alabak jantzi, motxilak prestatu, etxeko atea itxi eta korrika irten, helburu bakarrarekin: eskolara garaiz iritsi eta azkenik A8a gurutzatu lanera joateko. Bidean, badirudi nire burua atzean uzten dudala. Ostegunean, esaterako, giltzak galdu nituen. Spoiler: nik neuk ezkutatu nizkion neure buruari. Etxeko atea itxi, giltzak galtzen poltsikoan sartu, eta gero, Bilbora iritsi nintzenean traba egiten zidatela pentsatuz, txaketaren poltsikora pasatu nituela gogoratzen dut. Hortik aurrera, misterio hutsa. Egun osoa bulegoan eman nuen, eraikinetik atera gabe. Arratsaldean, kotxea hartu, etxera iritsi eta eskua patrikara sartu nuenean… ezer ez. Ez zeuden. CSI Bilbo aktibatu nuen: lankide bati deitu nion eta nire mahaian, lurrean, komunetan, garajean... bilatu zuen, atezainari ere galdetu zion… dena miatu zuen. Alferrik. Beraz, amore eman eta amak utzitako giltzak hartuta joan nintzen etxera. Hurrengo egunean, beste saiakera bat: kafetegian galdetu nuen, atezainari… ez zeuden. Nire tokian eseri nintzen eta, etsita, egarria sartu zitzaidan. Tiradera ireki nuen… eta voilà: han zeuden giltzak, niri barre egiten ariko balira bezala. Nork sartu ditu hor? Noiz? Agian arazoa ez da nire memoria, zein abiaduratan bizi naizen baizik. Egunak irentsi egiten gaitu, eta gu geu ere desagertu egiten gara. Pausatzea, arnasa hartzea eta egiten dugunari benetan begiratzea falta zaigu. Bestela, edozein egunetan, gure burua tiradera batean aurkituko dugu.
- Multimedia
- Servicios
- Participación