Erredakzio-Mahaia

Deuseztapenaren kultura

17.10.2021 | 00:40
Deuseztapenaren kultura

Michiganeko Unibertsitatean mende laurdena zeraman Bright Sheng musikaria ematen ari zen mintegitik baztertu egin dute ikasleei 1965an Laurence Olivier aktoreak interpretatutako Otelo obra jartzeagatik. Dakizuenez, film honetan antzezlea aurpegia marroiz margotuta agertzen da, blackface terminoa praktikara eramanez. Txinatar jatorriko konpositoreak bere dizipuluei eskainitako argumentuak ez dira nahikoa izan: operaren alorrean antzeztu behar den pertsonaiaren genero eta etnia berdinekoa ez izatea antzerkigintzaren sorburutik datorren usadioa zela azaldu die. Eskola bukatu eta handik 108 minutura bidali zuen posta elektroniko horretan adierazitako damuak ere ez du artearen errebisionismoaren zein deuseztapenaren kulturaren turko-buru izatetik libratu. Are gehiago, bere aurretik antzeko kasuak egon badira, atzetik beste asko etorriko direla aurreikusten du Caroline Fourest saiakeragileak Belaunaldi samindua lanean. Bertan kontatzen duenez, Londresko Opera Nazionalak zein New Yorkeko Metropolitanak galarazi egin zuten makillajearen erabilera Verdiren Otelo taularatzeko. Rol hura tenore beltz batek interpretatu beharko lukeela ere esatera ausartu zen baten bat, nahiz eta, egiaren izenean, Otelo jeneral mairua izan. Ezker identitarioaren zentsura mota berri hau gaitsezten du Fourestek, intimidazioa erabiliz ikuspegi inkisidorea zabaltzeagatik. Azal mehe honek eskuin muturreko jarrerak zirikatu ditzakeela dio. Zer pentsa ematen du.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia