Mesa de Redacción

Aho biko ezpata

20.12.2020 | 01:13

DEIGARRIA iruditu izan zait beti Amancio Ortegak erdietsitako inperioa telebistako iragarkiak egiteko beharrik sentitu gabe. Gerora, beste batzuek ere jarraitu dute marketing estrategia horren lorratza; ez bakarrik Primark bezalako arropa dendek, baizik eta Airbnb edota Uber konpainia digitalek ere. Pandemiak astindutako urte honetan ez da sekretua irabazle gutxi egonik ere, txikiek handiek baino zailtasun gehiago izan dituztela. Testuinguru honetan Amazonek giharra atera du Gabonetako kanpaina potente batekin, Coca-Colak edo Estatuaren Loteria eta Apustuek atera ohi duten iragarki negar-eragilea antzeratuz. Horretarako, erraldoi estatubatuarrak ballet dantzari gazte baten istorioa kontatzen du. Osasun krisia dela eta itxi egiten dute bere eskola, eta, beranduago, bertan behera geldi-tzen da buru-belarri prestatzen ari zen emankizuna. Azkenean, bere familiaren eta auzokideen laguntzarekin, patioan eskaintzen du dantza saioa. Iragarkiak hain modakoa den positibotasun naifa aldarrikatzen du, "ezerk ez ditzala zure ametsak eten" lemapean. Ematen duten bakoitzean ezin ditut burutik kendu administrazio publikoak sustatzen dituen bonoei esker bizirauten duten negozioak, ezta pikutara joan diren merkatari txikien ametsak. Noren ametsei buruz ari da Amazon? Akaso gastu guztiak ordaindu ostean orduko bost euro irabazten duten bere banatzaileen ametsei buruz? Aho biko ezpata izan daiteke publizitatea, baliteke Inditexeko buruak horregatik ukatzea.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia