Internet bidezko erosketen zale amorratua izateak zerbaiten kontzientzia hartzeko parada eman dit azken egunotan. Sos gutxi batzuk aurrezteko asmoz, Amazon bidez eskatu nuen lagun bati egiteko opari bat. Etxera bidaltzeko agindua eman nuen baina paketea behar baino lehentxeago heldu zen eta banatzaileak ez ninduen zehaztutako helbidean aurkitu. Deitu egin zidan nire eskaerarekin zer egin behar zuen galde-tzeko. Lanean nengoela erantzun eta segituan eskaini zuen bere burua paketea erredakziora ekartzeko. Pare bat ordu beranduago, berriz jaso nuen bere deia, goraino igoko zela esanez. Lasai egoteko, ni jaitsiko nintzela ihardetsi eta hala egin nuen. Enpresarekin identifikaezina zen furgoneta zuri batetik atera zuen fardela banatzaile profesionalaren antzik ez zuen morroiak. Ez nuen ezer sinatu behar izan. Hartutako eragozpenean pentsatzeari utzi gabe, sarean pixka bat arakatu ostean, paketea diligentziaz ekarri zidan banatzailea autonomo faltsua zela egiaztatu nuen, Glovo edo Deliveroo bezalako enpresetako rider-ak bezala. Merkataritza elektronikoko multinazionalak aplikazio baten bidez eskaintzen du ordutegi malguarekin lan egiteko aukera; Izan zaitez zure nagusia lelopean. Eta gizatasuna ukatzen duen honako lan-harreman mota erdeinagarria ugaltzen ari den bitartean, eskertu egin dut aurpegia duten nagusiak -pluralean, bai- izatea. Noizean behin arrangurak zeini zuzendu eduki-tzeko baino ez bada.

aaraluzea@deia.eus