pasa den astean bizarra ken-tzea erabaki nuen. Beno, egia esan, kendu, kendu ez, koldar xamarra bainaiz horrelakoekin, baina bi eguneko tamaina horretan utzi nuen, eta aspaldian egin gabeko ariketa zen egia esan. Ia astebete pasa da nire burua berriz ispiluan aurkitu dudan arte, baina tira, behar pixka bat banuela onartu beharko dut.

Nire Narziso alde batera utzi, eta ekintza honen ondorietako bat kontatzera natorkizue gaurkoan. Kontua da hiru eguneko asteburu luzexeago horren ondoren lanera buelta tokatu zela, eta noski, look berria nuen aurpegian. Amak maiz aipa-tzen dit egunero ia berrehun pertsonen aurrean egon behar dudala, eta edozein modura ez joateko, eta nik zintzo demonio, ahal dudan neurrian kasu egiten diot, haren teilatupetik aspaldi xamar alde egin banuen ere. Lehenengo eskolak eman nituen eman goiz hartan, eta hantxe etorri zitzaidan lankide bat esanez ikasleek komentatu ziotela autoritate osoa galdu nuela bizarra kentzearekin batera.

To, kolpea, nahikoa ez nuen bada nik neure itxura berria onartzearekin, eta gainera neukan gutxi hori galdu omen nuen bizarra kentzearekin. Puska batean geratu nintzen horri bueltaka, eta segituan ohartu nintzen bazegoela bizarra, maskulinitatea eta autoritatearen arteko lotura bat hor nonbait ikasleen buruan txertatuta. Egia esango dizuet, nire ikasle bizitzan zenbait emakumeek tenteago eduki ninduten beste zenbait gizonek baino. Baina etorkizuneko belaunaldi hauetan lehenaldiko zenbait kontzeptu barneratuta daudela onartzera behartuta ikusi nintzen momentu horretan. Oraindik orain gizona autoritatearekin lotze hori beste garai bateko kontua zela uste nuen, baina datuak datu direnez, argi diote aginte postuetan gizonezkoak garela gehiago eta emakumeek pairatzen dutela soldata arrakalaren alde iluna. Aurrera egin egingo genuen hainbat esparrutan, noski, baina urrun dago oraindik helmuga.

Bizar kontuekin jarraituz, gaztelaniaz esan ohi da errespetarazten den emakumeagatik bibote ederrak dituela, eta hori ez al da gizonezkoen balio bat ematea akaso? Aurpegiko ileak ez du sekula botererik eman, ez eta emango ere, baina gizonezkoengan balore positiboak dituen elementu berak ditu negatiboak kontrako sexuan. Edo zer da burura etortzen zaizuen lehenengo gauza Frida Kahlo aipatzean? Bai, niri ere bai.

Txantxa bezala askotan erabili izan dut historian zehar izan diren gizon inportante askok bizar ederra zutela, eta nik ere horregatik eraman ohi dudala, baina dena gezurra, estetika kontua izango da noski. Garaika datozen eta joaten diren modak. Historiak ez dizkigu emakume asko ez erakusten ez irakasten, eta ondorioz, agian hori izango da bizarra, bibote edo Zumalakarregiren hibrido horren eta boterearen arteko loturaren funtsa, emakumerik ez dugula sekula jarri ez postu horietan ez historia liburuetan ere orain arte.