Síguenos en redes sociales:

Banderak eta Julio Zesar

Historia errepikatu egiten omen da, eta 30 hamarkadara itzuli garela dirudi, baina etorkizuneko antzezleku batean

Banderak eta Julio Zesar

Nahiko gogoan dut nola erabili zuten legediaren indarra Euskal Herriko hainbat eta hainbat udaletxetan Espainiako banderak ongi ikusgarri jar-tzeko. Ezin zuen izkina batean egon, ezin zuen ikurriña baina txikiagoa izan, ezin zuen izan, baina izan zen. Gogoan dut ere Iruñeko udalak nola ezarri zuen ikurrina udaletxeko balkoian San Fermin batzuetan, eta horrek ekarri zuen soka. Noski, gauza bat da Gora San Fermin oihukatzea euskaraz Viva San Fermin-en atzetik, eta beste gauza bat horrelako kontzesio bat egitea. Baten bati begiak erreko zitzaizkion egun horretan, eta biharamuneko bihotzerrea aurreratu. Horrek ere ezin zuen izan, baina izan zen.

Bizkor aritu ziren aipatutako kasu horietan legedia aplikatzerakoan, berandu baino lehen jarri nahi izan zituzten piper potoak ikusgai, egunero ikusiz ikasiko dugulakoan edo. Eguraldi txarrak tarteka ere faborerik egin zigun gainera (zerbait ona behar zuen azken urteetako ziklogenesi eta alerta hori-laranjen etengabeko segidak).

Ez dira horren bizkor aritzen beste zenbait kasutan aldiz. Aste honetan irakurri dut Ebro ibaitik beherako egunkariren batean nola Sanchezen gobernuak 656 udali eskatu dien irudi, itxura eta usain frankista duten sinboloak erretiratzeko. Seiehun eta berrogeita hamasei jaun andreok, ez bi edo bost. Despistatu gehiegi iruditzen zaizkit. Hor ordea ez dute delitu zantzurik ikusiko, ez multarik ezarriko, berrogei urte pasatxo besterik ez dira pasa eta txori txikiak azken arnasa egin zuenetik. Nostalgia, malenkonia, pasatako garai onen berrezartze nahia ote?

Garai horretara narama azken egunetako espainiar politikarien dialektikak. Traizioa, ohorea eta Espainiaren batasuna ahotan hartuta, bigarren errepublika garaiak eta diskurtsoak etortzen zaizkit burura. Ezker eta eskuineko alderdi politikoak banatuta, elkarri mokoka, nazioartean ere aliantza estrategikoak, esku-hartze humanitarioak, militarrak, gehiegizko bihozberatasuna edo interes ekonomikoak? Historia errepikatu egiten omen da, eta hogeita hamargarren hamarkadara itzuli garela dirudi, baina etorkizuneko antzezleku batean.

Eta gu bitartean? Ikusle hutsak al gara? Dena nola nahasten duten ikusten dugu, baina ezin etorkizunik erabaki, bestela, katalanek bezala, euren burujabetzaren alde apustua egin ostean politikariak kartzelan, errefuxiatuak? Itxoin, hori dena bagenuen lehenagotik ere.

Kontalari bat jarri beharko digute guri ere, erromatar zirku horren ikusle izateari utzi, eta gure etorkizuna eta banderak aukeratzeko eskubiderik ea ba ote dugun ikusteko behintzat. Traidore deituko gaituzte agian, baita elkarrizketa bilatzeagatik ere. Sekula horrelako traiziorik ikusi gabekoa naiz ordea. Julio Zesarrek berak ere agian nahiago izango zuen horrelako traizioa eta ez tripaz gora etzanda bukatzera eraman zuena. Baina tira, Frantzian ere elkarrizketa bilatzen dutenak epaituak dira; beraz, agian estrategia hau okerra da, edo gu gabiltza oker. Alde batean eta bestean jokatzera behartuta gaude, baina irabazteko eskubiderik gabe.