Zirrikituetatik begira

Markinan, berriz ere

09.05.2022 | 00:25
Markinan, berriz ere

Maiatzaren 22an bertsoak saretuko omen ditu andreak. Markina-Xemein izango da topaleku. Bertsoaren inguruan dabiltzan emakumeak batzea dute helburu: bertsolariak, gai-jartzaileak, bertsozaleak, bertso eskoletako ikasleak, epaileak.... Martxotik omen dator ekimenaren ideia: bertso munduko emakumeen artean dauden gabeziak identifikatzen hasi eta helburu jakin batzuk finkatzen bukatzea dute asmoa.

Emakumeen sarea osatzeaz gain, gozamena izango omen dute jomuga. Elkar ezagutu, lagun giroa sortu eta gogoetatzen hasi, gerora, beharko diren ekimenak antolatzeko xedez. Diotenez, emakumeok ere behar ditugu ondo pasatzeko eta gustura sentitzeko espazioak. Plazara jauzi egiteko orduan "erosoago" sentitu nahi dutela diote. Elkarren arrimuak lagunduko diela. Bertso eskolan emakume gutxi izaki, nolabaiteko beldur edo babes falta somatzen omen dute jendaurrean kantatzean. Hori guztia dela eta, elkarretaratzea egingo dute Markina-Xemeinen.

Markina izan zen emakumezko idazleen topaleku ere, beren bigarren bileran, 1999an. Haiek, sarea baino areago, "tribua" zuten hizpide. Gizonezkoek osatzen zituzten idazle tribuak, alegia. Eta berotasun bila egin zituzten elkarretaratzeak 1998 eta 2002 artean. Plazaratzeko konfiantza irabazi alde. Eta Markinako karmeldarren aterpean sortu zen emakumeek idatzitako lehenbiziko liburua idazteko ideia (Txalapartak argitaratuko zuena) eta, baita, emakumezko idazleen lanari ikusgarritasuna emateko, argitaratzen ziren liburu bakanei kritikak egiteko konpromisoa, idatzi haien dohainak "emakumezkoek ondutako idazkitxoak" baino zerbait gehiago zirela aldarrikatzeko.

Duela ia 25 urte emakumezko idazleek egindako bide berbera egiten amesten ditut bertsolaritza munduko emakumeak Markinan. Bazkari baten inguruan bertso-kantuan, egiten dakitenaz goza- tzen. Guk ere, "Gutiziak" izan genituen hizpide eta liburua ontzeko inspirazio. Eta izan genuen arrimua, lortu genuen konfiantza eta uxatu genituen letren plazetako mamuak.

Más información

noticias de deia