EALAREN jarraitzaile izateak lausoaldi luze samarretara kondenatzen gaitu nahi baino sarriago. Aspaldion poliki gabiltza: kopa bat irabazi, berriz ere Europako lehiaketetan sartzeko borroka estuan... Zorigaitzez, badugu azken boladan aurkarien golek baino gehiago atsekabetzen gaituen gertakaririk. Urtarrilean Atletico Madrilen autobusari harrika aritu zitzaizkion lepoko txuri-urdina zeramaten dozenaka lagun. Herenegun Betiseko zenbait jarraitzaileri eraso egin zieten beste dozenaka batzuek. Atxilotutako biak ere txuri-urdinak omen, baina Alavesen "jarraitzaileak". Interes amankomunak defendatzera etorriak, agi danez.

Berria hedatu bezain laster heldu zitzaizkigun ñabardurak: ez ziren Betiseko jarraitzaile soilak, probokatzera etorritako naziak baizik. Naziak erruz ugaldu dira orain mundu zabalean, eta antinaziak oldeka. Nonbait aterpetu behar-eta, futbolean gotortzen dira. Hortxe aurkitzen dute beren frustrazio ezkutuei eta desio agerikoei bide emateko lurra.

Hedatuxe dira jarrera ultrak. Gehiegizko deriotzot ideologia deitzeari, edo pentsaera. Askok ez lituzkete lau esaldi josi ahal izango hierarkian gorago dutenaren doktrinaz. Hark badio, zerbaitegatik izango da. Gu muga gaitezen gure taldearen irudia tatuatu eta batea edo labana erabiltzen ikastera.

Ez dute probokatzea eta giroa nahastea beste helbururik, eta aise erdiesten dute. Lepoko txuri-urdina zeramaten horiek zer lortu dute herenegungo jipoiaz? Zer harrera egingo digute geu, baketsu bezain xalo, edonora goazelarik? Benetan pentsatzen al dute hurrengo bisitan ez direla gehiago eta oldarkorrago etorriko? Giroa kakaztera datorrenarentzat ba ote da gauza etsigarriagorik mundu guztiak ez ikusiarena egitea baino? Usoa usoarekin, belea belearekin.