Zirrikituetatik begira

Urte amaieraren zain (III)

17.12.2021 | 00:32
Urte amaieraren zain (III)

uRTEKO azken hilabetean ohikoak dira jaiak, bazkariak, elkarretaratzeak eta desira onezko mezuak. Aurten ere, denak dugu asmo horiek betetzeko gogoa eta, aldi berean, denok gabiltza pentsatzen nola moldatu urteroko jardun hauek geure burua zaindu eta ingurukoak babesteari eutsiaz.

Bestelakorik ere izaten da abenduan. Enpresetako eta erakundeetako balantzeak, lan-ordu eta oporren egokitzeak eta erakundeen kontu-emate zein ebaluazio txostenak ez dira faltatzen urte amaieran.

Alde horretatik atentzioa eman dit elizbarrutien gardentasuna eta kontu-ematearen kalitatea ebaluatzeko Haz Fundazioak egin berri duen txostenak. Bigarrena da eta nabarmenki hobetu dira gardentasuna neurtzeko erabiltzen diren parametro guztiak. Askotan gertatzen zaigu geure jardunaren ebaluazioa espero izateak berak eramaten gaituela gauzak taxuz egiten ahalegintzera.

Adierazleen artean, Adin Txikikoen Zaintza eta Babesa eta Informazio Ekonomikoa nabaritzen dira. Gizarteak oro har eta euskal gizarteak bereziki bi gai horien gaineko gardentasuna eta kontu ematea beste ezer baino gehiago eskatzen eta eskertzen ditu. Ebaluazioen parametroetan jarduteak normalizazioa eta garaikidetasuna ekartzen dizkio edozein erakunderi eta, batez ere, auzolanera bidea errazten dio. Gure elizbarrutian ardura eta konpromiso sakonak dituztenen hitzak bide horretan sumatu ditugu, garai zailak etorkizunerako aukerak direla ulertuta.

Hemeretzi adierazle erabili dituen txosten honetan azpimarratu behar da Bilboko Elizbarrutia dela estatu espainiarrean gardenena. Bestalde, aurreko ebaluazioarekiko gehien igo dena Donostiakoa da. Halere, aro berriari begira baditu oraindik ilusioz oratzeko moduko urrats galantak. Gasteiz eta Iruñeko elizbarrutiek ere ez dute zereginik faltako datozen urte hauetan.

Dena esateko, fidagarritasuna eta gizatiartasuna neurtzea erraza zaila bada ere, ateak ireki eta etxe-barrua erakustea erabaki duenak, zerbait baino gehiago egin du. Dena irabazteko.

Más información

noticias de deia