ENDAIARA edo Urruñera igarotzea, Santiago edo Behobiako nazioarteko zubiak zeharkatuz, ohikoa bai zen nere haurtzaroko Irunen. Sekula imajinatuko ez nukeena da, 50 urte igaro ondoren, migratzaileak itota hiltzen jarraituko zutela Bidasoan Frantziara iristeko ahaleginean. Garai hartan, klandestinoak portugaldarrak ziren batez ere, pobreziatik ihesiz, bizimodu hobea lortu nahiaz eta nahiz eta datu ofizialik ez egon, Bidasoan migratzaile asko, ehunka, bizia galdu zutela ongi dakigula. Historia errepikatzen dela esatea aprosakoa ba dirudi ere, ba ez, atzerritarren kontrako ekintza arbitrarioek edota bermerik gabekoek ezin dute lekurik izaten gauregungo Europan salbu eta Ultraeskuineko migrazio-politikak norbereganatzen badira, hauxe bera da Macron Presidentea egiten ari dena: erabiltzen dituen argudioak -alerta terrorista edo covid-19 krisia- aitzakia zitala besterik ez da, mugan egiten diren kontrolak ez baitira ausazkoak selektiboak baizik, azal beltzeko edo ezaugarri arabiarrak dituzten pertsonei bideraturik, arrazakeria hutsa. Migratzaileak bidea jarraitzea ezin izatea, aske, legeak agintzen duen babespean, aberrazio juridikoa da baina ez gauzarik larriena: 2021ko Irunen 4 migratzaile hil egin dira dagoeneko, Tessfi, Yaya, Abdoulaye eta, joan den larunbatean, ezezagun beste lagun bat.

Hilean, batez beste, 600 migratzaile iristen dira Irunera, 600 historioa desberdinak bezain ezezagunak. Harrera-irizpideak eta arreta-neurriak hobetzeko eraginpeko administrazioei exijitzen duten elkarte guztiak nere babes osoa dute. Baina helburu nagusia beste desberdin bat bada, zera, heriotzen erruduntzat Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendaria publikoki salatzea, tira... agur! Xabier Legarreta erabat inplikatuta dagoela jakinda, erakundeen arteko lan-ekintzak bultzatuz eta administrazio-prozedurak bizkortuz karguaren eginkizunetatik harago, ekintza zikin honekin batzuk erretratatu egin direla: Egiak ez gaitzala titular on bat hondatu. Edo txandako pankarta. Penagarria.